Lezo UEMAko udalerria da
107. UEMAko udalerri bilakatu da gaur ofizialki Lezo. Mikel Arruti alkatea izan da bertan eta euskarak dituen erronkei batera aurre egitearekin pozik agertu da.
Sei herri berri dira ofizialki UEMAko kide berri eta horietako bat Lezo da. Izan ere, batzar nagusia egin du UEMAk gaur goizean Orion eta bertan Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte.
Sei horiek gehituta, 107 udalerri izatera heldu da gaur UEMA, eta guztien artean 342.000 biztanleko “lurgune euskalduna” osatzen dute UEMAko kide diren herriek.
Herri berrietako alkateek eta zinegotziek hitza hartu dute gaurkoan eta Lezotik Mikel Arruti alkatea bertaratu da: “Lezon oso pozik gaude UEMAko kide izatea eta modu bateratuan euskararen erronkei aurre egitea”. Denek bat egin dute “lanerako beharra” dagoenarekin eta “gogoa eta ilusioa” izan dute ahoetan.
Historikoki udalerri euskaldunak izan arren, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murrizteko “hizkuntza politika eraginkorra eta ausarta garatzeko beharra” sumatzen dute guztiek, eta UEMAren esperientzia eta laguntza bidelagun izango dutelakoan “gustura” agertu dira mankomunitatera gehituta.