Lezoko ostalaritzan ere indarkeria matxistarik ez
Lehen tailerra egin dute Lezoko ostalariek indarkeria matxistaren aurrean tresnak izan ditzaten. Udalak antolatu du eta gehiago egingo dituzte.
Lezoko Udaleko Feminismo departamentuak Lezoko ostalaritzan indarkeria matxista antzeman, salatu eta saihesteko tailerra egin dute aste honetan. Eneritz Arruti, Feminismo zinegotziak gogoratu du “legegintzaldi hasieran berdintasuna ardatz hartuko genuela esan genuen eta berehala esparru ezberdinetan hasi ginen lanean”.
Esparru horiek hainbat dira eta horietako bat festa giroa da. Arreta berezia jarri nahi izan diote eta jaien aurretiko ahalduntze tailerrak, gazteen sentsibilizazioa eta ostalarien trebakuntza landu dituztela dagoeneko laburbildu du.
Aste honetan egindako tailerrarekin ostalariak trebatu nahi izan dituzte, Lezoko tabernak ere espazioak seguruak izatea nahi duelako udalak. Hartara, formazio saio bat egin dute indarkeria matxistaren aurrean sentsibilizatu eta horri aurre egiteko tresnak eskura jartzeko xedez.
Lehen saioan, herriko tabernetako eta kafetegietako errealitatea zein den izan dute hizpide eta ostalariek haien artean esperientziak partekatu dituzte. Horrez gain, indarkeria ezberdinak ezagutzeko, identifikatzeko eta detektatzeko lanketa egin zuten eta, bukatzeko, horrelako kasuak ematen direnean horiek antzeman eta horiei erantzuteko tresnak eman zizkieten.
Udalak eskertu egin ditu bertaratu diren ostalalariek eta aurreratu du horrelako beste saio edo tailer gehiago prestatzen jarraituko dutela.