Xarmarik galdu gabe, zerririk gabeko San Tomas jaia
Beste urte batez, herriko eragile andanak osatu dute "arduraz eta errespetuz" neguko solstizioko eta San Tomasetako egitaraua.
Neguko solstiziorako astebete falta da eta Errenteria-Oreretako Neguko Solstizioa- San Tomas Batzordeak dena prest du datorren asterako. Gogoratu dute antolatzaileak herritar xumeak direla eta adin guztietakoak: “17 urteko gaztetxoetatik hasi eta 70 urtetik gorako pentsionistaraino”.
Denek dutela “hitza eta iritzia” azaldu dute eta denek dutela ere erabakitzeko eskubidea edozein delarik proposamena. Aurtengoan honako eragile hauetako kideak izan dira parte: Ereintza Dantza Taldea, Alaitasuna, BPAN, Landarbaso abesbatza, Oiartzoko ikasleak, Burusoilen elkartea, Sputnik, AEK, CAR, Oiarso saskibaloi taldea, MotorBike eta Errenteria-Oreretako Udala.
Gogoratu dute duela 37 urte berreskuratu zuela jaia Xenpelar AEK-k eta 2023koa ere “arrakastatsua” izatea nahi duela adierazi dute. Hastapeneko irizpideak berretsi dituzte jarraian: “Herrigintzan sinisten dugu eta koordinazioa, elkarlana eta talde lanean aritzeak batzen gaituela, beste behin ere”.
Guztiaren ardatza “errespetua” dela diote, “norbanakoarekikoa, animaliekikoa, parez parekoarekikoa”. Era berean, ardura ere badela oinarrizko ardatz azaldu dute.
Urteetan jaiaren protagonista txerria izan da baina aurten ez dutela lortu protagonista hori herrira ekartzea “animalien babeserako legea aintzat hartuta” jakinarazi dute, nahiz eta horretan “gogotsu” aritu diren: “bilatu eta bilatu, galdetu eta galdetu, deitu eta deitu, ingurukoak itaundu, nekazari eremuko adituen laguntza eskatu, baserritarrengana jo…” Bada, ez dute krotaldun zerririk aurkitu .
Dena den, ama lurrak ematen dituen produktuak dastatzeko parada izango da, baserritarren postuetan nahiz artisauenenetan.
Urtero lez, kide edota erakunde bat omenduko dute, zerriari omendutakoaren izena jarri ohi dioten arren. Omendutakoa nor izango den ez dute aurreratu nahi izan eta jakin mina duenari dei egin diote abenduaren 21ean, 11:00etan pregoiaren irakurketara joan eta bertan omendua nor den jakitera.
Egitarauaren berri eman aurretik, egun horretarako sei ohartarazpen egin dituzte. Hona hemen hitzez hitz:
- Baga: Atera itzazue gordetako baserritar jantziak eta horiexek jantzi.
- Biga: Ez ahantzi edalontzi berrerabilgarriak etxean, berrerabiltzeko sortuak baitira.
- Higa: Euskarak egiten gaitu (gu eta abenduaren 21eko jaia, horrelaxe sortu baitzen aurreko mendean), hortaz, erabili, hitz egin, dastatu!
- Laga: Animaliak ere errespetatu.
- Boga: Neguko Solstizioak/San Tomas eguneko Batzordeak ez du inongo eraso sexistarik onartuko herrian.
- Sega: Saia zaitezte elkarrekin eta elkarrenganako zaintza berresten, natura zaintzen, ingurumena…Horrela, bat egin Orereta-Errenteriako Neguko Solstizioa/San Tomas Batzordeak helarazten dizkizuen baloreekin: konpromisoa, kontsumo orekatua, garaian garaikoa izatea, O kilometrokoa, auzolana… eta euskalduna. Izan arduratsua eta gozatu, maite dugunarekin eta lagunekin elkartu, txistorra jan.