Klima eta Energia Plana aurkeztu du udalak, herri "jasangarriago" bat sortzeko
Garraiobideak dira Oiartzunen isurtzen den CO2 kopuruaren %61en erantzule. Lau ardatzetan banatutako 64 ekintza aurkeztu dituzte.
Oiartzungo Udalak Klima eta Energia Plana aurkeztu die herritarrei. Izan ere, udalak gogorarazi duenez, Oiartzunek urtean 85.676 tona CO2 bota zituen 2019an; 2010eko kopurua baino 3.000 tona gehiago izan zen. Joera hori mantenduz gero, 90.000 CO2 baino gehiago isuriko lituzke Oiartzunek.
“Azken 40 urteetan 1,2º igo da Oiartzungo batez besteko tenperatura eta prezipitazio kopuruan behera egin du (eguneko metro koadroko 5,5 litrotik 4,6ra)”, gogorarazi du udalak. Horregatik, bizi eta kontsumo ohiturak aldatu behar direla berretsi dute. “Bestela, 4,5 gradu igoko litzateke tenperatura”.
Etor litekeenaz ohartarazi du udalak: “Bero boladak, lehorteak eta gau tropikala ere ugaritu egingo lirateke. Urtean 22,2 euri egun gutxiago izango genituzke eta prezipitazio oso handiko egun gehiago eta uholde arrisku handiagoa izango genuke”.
Mugikortasun-ereduan zein energia-trantsizioan “aldaketa sakonak” bultzatu nahi dituzte, ondorioak gutxitze aldera, baita elikadura burujabetzan ere.
Ibilgailuak, poluzioaren erantzule handiena
2030eko erronkak zehaztu ditu udalak. Horiek finkatzeko, aurretik diagnosia egin dute. Hala, %13 igo da herriko energia kontsumoa 2010etik eta udalerriak sortutako gasak %3 handitu dira.
Sektorez sektore egindako azterketan ondorioztatu dutenez, berotegi efektuko gasen iturburu nagusia ibilgailuak dira. Urtean 53.000 tona CO2 isurtzen dira udalerrian. Kopuru osoaren %61 da hori.
Atzetik, modu nabarmenean, doaz beste alor hauek: Emisioen %16 zerbitzuen sektoreak sortzen du, etxebizitzetako gas eta elektrizitate kontsumoak %9, industriak %6 eta lehen sektoreak %5.
Lau ardatzetako 64 ekintza
Klima eta Energia Planak lau ardatz izango ditu, eta 64 ekintza jaso dituzte. 2030erako berotegi efektuko gas isurketak %40 murriztea sortzen den hondakin kopurua %15 jaistea lortu nahi dute, besteak beste.
Lau ardatz estrategikotan banatu dituzte herri jasangarria eta arduratsua lortzeko 64 ekintzak. Honela laburbiltzen dira (udalaren webgunean ikus daitezke dokumentu guztiak):
- Oiartzungo sektore ezberdinetan energia eraginkortasuna bultzatu eta berriztagarrien erabilpena sustatzea.
- Klima-aldaketa arintzen laguntzen duen herria lortzea.
- Klima-aldaketaren inpaktuen jarraipenetan egiten duen eta beharrezko konpromiso klimatikoa erakusten duen herri erresilentea erdiestea.
- Energia trantsizioan udal eredugarria izatea.
Udalak gaineratu duenez, diagnostikoa egin eta ekintza proposamenak jasotzeko herriko hainbat eragile eta bizilagunekin elkartu da. “Bidea elkarlanean egiten jarraitu nahi dugu, herritar guztion artean egingo baitiegu aurre klima aldaketak jartzen dizkigun erronkei”, zehaztu dute.