Badator San Silbestrea
Club Atletico Renteria prestaketa lanetan murgilduta dabil. Hilaren 31n, 17:00etan abiatuko dira lasterketa nagusiak.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/11/sansilbestre-errenteria.jpg)
Errenteria Atletismo Taldes (EAT) urte amaierako San Silbestre lasterketaren prestaketa lanetan murgilduta dago. Herritarrei urtea modu osasuntsu eta lagunartekoan agurtzeko aukera eskaini nahi diete berriro ere.
Aurten ere helduen lasterketak bi distantzia izango ditu. Luzeak zazpi kilometroko ibilbidea du, eta laburrak hiru kilometro eta erdikoa. Biak ala biak Gamon Zumarditik abiatuko dira, 17:00etan. Gehienezko parte hartze kuota 1.000 korrikalarira mugatu dute, eta aldez aurretiko izena eman daiteke hilaren 29ra arte, Internet bidez. Dortsalak soberan egonez gero, salgai jarriko dituzte ondoko bi egunetan, dortsalak jasotzeko gunean. 15 euro balio ditu parte hartzeak.
Dortsala eta bestelako materiala Galtzarabordako udal kiroldegian jaso ahalko da hilaren 30 eta 31n. Abenduaren 30ean, larunbatean, 10:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara zabalduko dute ordutegia. Lasterketaren egunean, abenduaren 31n, 10:00etatik 13:00era eskainiko dute zerbitzua.
Bestela, korrikalarien poltsa helmugara iristean banatuko dute, dagokion hornidurarekin. Sari banaketa, halaber, Zumardiko kioskoan egingo dute, eta lasterketa bakoitzeko hiru azkarrenez (emakume zein gizonezko) gain, mozorro onenaren saria banatuko dute ere.
San Silbestre Txikia
Benjaminek, alebinek eta infantilek ere San Silbestreaz gozatzeko aukera izango dute. Kilometroko ibilbidea osatu ahal izango dute, 16:30etik aurrera. Nagusienen kasuan bezala, izen ematea Internet bidez egin beharko dute, doan; eta dortsala jasotzeko ordutegia berbera izango da. Kadeteek, ordea, nagusienen lasterketa motzean parte hartu ahalko dute; alegia, hiru kilometro eta erdikoan.
San Silbestre egokitua
Hainbat eskari jaso ondoren, 21. edizio honetan antolakuntza-taldeak desgaitasun egoera dutenentzat kilometro bateko ibilbidea prestatu du. Kasu honetan, parte hartzaileek beharrezkoa zaien laguntza osoa jasotzeko aukera izango dute, senide, lagun eta ingurukoengandik. 16:51ean abiatuko dira, infantilen lasterketaren ondoren.