Kirolaren Galan, aitortza erakundeetan erreleboaren adierazle diren pertsonei
Atzo Errenteriako Kirolaren Gala ospatu zen herriko hainbat klub, kirolari erakundeetako arduradun eta kirolarekin zerikusia duten pertsonekin. 250 pertsona inguruk hartu zuten parte ekitaldian.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/12/kirol-gala-2023.jpg)
Atzo Errenteriako Kirolaren Gala ospatu zen herriko hainbat klub, kirolari erakundeetako arduradun eta kirolarekin zerikusia duten pertsonekin. Orotara, 250 pertsona inguruk hartu zuten parte ekitaldian. Horien artean Aizpea Otaegi alkatea, Leire Mazizior Kirol zinegotzia eta Errenteriako Udaleko talde guztietako ordezkariak izan ziren.
Otaegik, ekitaldian parte hartzeagatik eskerrak emateaz gain, Errenteria-Oreretako kirola zoriondu zuen 2022-2023 denboraldiko lorpenengatik, eta lanean jarraitzera animatu zituen.
Kirolaren Galako 2023ko ekitaldian “omenaldi berezia” egin zaie “erakundeetan erreleboaren adierazle” diren pertsonei. Pertsona horien “dedikazioa” aitortu zuten atzoko ekitaldian, “urte askoan klubarekin lanean aritu ondoren lekukoa utzi duten pertsonei”. Era berean, erakundeetan sartzen den belaunaldi berria aitortu eta animatu zuten.
Beraun Bera klubeko Juan Manuel Riescok Urtzi Urdanpilletari eman zion lekukoa; Judoko Sayoa Klubetik, Eugenio Boubetak Kerman Andueza eta Cristina Garciari; eta Oarso Bolei Taldea klubeko Jose Vicente Holgadok Olaia Laboari.
Errenteria Atletiko Taldeari dagokionez, Txema Arenzanak Dana Romerori eman zion lekukoa; eta motoziklismoan, Pedro Iglesiasek Arantxa Bravori, Iñigo Iglesiasen ordezkari gisa. Hibaikan Zuriñe Alberdik eman zien testigua Maddi Retegi eta Izaro Prietori. Azkenik, txirrindularitzan, Nico Santestebanek Iñaki Anzizarri eman zion lekukoa.
Ekitaldian Herri Arte Eskolak hartu zuen parte, eta Oihan Olano gitarra jotzailearen eta Larraitz Ugartemendiak zuzendutako klake taldearen emanaldiekin gozatu zuten bertaratutakoek.
Kirol Galaren bidez, udalak bere babesa adierazi nahi die herriko kirol elkarteei, “kirolak gizartea aldatzeko eta elkartzeko ahalmena” baitu. Horrez gain, atzoko galan bideo bat proiektatu zen, Errenteria-Oreretako kirolak 2023an izan duen parte hartzea biltzen duena. Herri Bizian dago ikusgai.