Beskoitzeko ikastola gogoan izan dute
Haurtzarok Gabon bezperako kalejiran gogoan eduki du Lapurdiko ikastola. Hango herriko etxeak hitzarmena eten, eta sei hilabete barru legez kanpokoa izango da.
Haurtzaro Ikastolak Beskoitzeko ikastola izan du gogoan aurtengo Eguberrietan. Hilaren 24an ohiko kalejira egin zuen Oiartzungo ikastolako hezkuntza-komunitateak.
Adinka sailkatutako taldetan atera ziren. Elizalde, Gurutze, Ugaldetxo, Iturriotz eta Altzibar auzoetara iritsi ziren, baita Petra Lekuonara ere. Gabon kantak eraman zituzten txoko horietaraino, eta Altzibarrera iritsi zirenek Anixetako Mari Jose Egiazabalen kroketak dastatu zituzten.
Aurten, baina, aldarrikapena ere egin dute kalejiran. Beskoitzeko Ikastola izan dute gogoan, Lapurdiko udalerriko herriko etxeak hitzarmena bertan behera utzi baitu haiekin. Beste hitzarmenik lortu ezean, sei hilabete barru ikastolak ezin izango du toki berean jarraitu. Ekainetik aurrera, beraz, 51 ikasle egoitzarik gabe geratuko dira.
Landetxe plazan elkartasuna adierazi zioten Beskoitzeko Ikastolari. Lorena Zalakain lehendakariak elkartasun testu bat irakurri zuen, eta denek batera Hator, hator kanta abestu zuten.
Plazan bukatu zuten, udaletxetik botatako goxokiak jaso eta janez.