Metrokoadrokak igandean estreinatuko du pieza eszeniko berria
'Artxibo biluzia konferentzia performatiboa' taularatuko dute Usurbilen, hango udalak emandako beka bati esker sortutakoa.
Metrokoadroka kolektiboak bere pieza eszeniko berriena aurkeztuko du datorren igandean —hilak 14—, Usurbilen. Artxibo biluzia konferentzia performatiboa taularatuko du herri horretako Sutegi aretoan.
Metrokoadrokak gogorarazi duenez, I. Joan Mari Torrealdai Beka jaso zuen Usurbilgo Udalaren eta Jakin Fundazioaren eskutik. Igandean taularatuko dutena proiektu zabalago baten parte da.
“Laguntza horrekin hiru atal dituen proiektua garatzen ari gara: igandean estreinatuko den pieza eszenikoa, idazketa/performance tailerra eta aurrerago plazaratuko den argitalpen bat”, nabarmendu dute.
Estreinaldi horrekin lotuta, larunbatean —bezperan— Metrokoadroka kolektiboak idazketa/performance tailerra eskainiko du, Sutegin bertan. Egun osokoa izango da.
Maria Elorzak sortu duen teaser-a ikus daiteke behean, emanaldian erabiltzen diren Danele Sarriugarteren hitzak jasotzen dituena.
Beka
2022ko abenduan jaso zuten beka Metrokoadrokako Oier Guillan eta Idoia Beratarbidek, epaimahaiak aho batez erabakita.
Proiektuaren gaia honakoa da: Euskaldunon Egunkaria itxi eta Torrealdairi artxibo guztiak lapurtu zizkiotenean adierazi zuen “biluzik” utzi zutela intelektualki.