Unax Landa txapeldun Elgoibarren
San Anton Txapelketan nagusitu da Oiarpeko pilotaria, Beñat Apezetxea goizuetarrarekin batera jokatutako finalean.

Oiarpeko pilotariek 21 partida jokatu dituzte asteburuan. Balantzea, oraingoan, positiboa izan da, hamahiru garaipen lortu baitituzte.
Garaipenik esanguratsuena Unax Landa oiartzuarrak Beñat Apezetxearekin (Goizuetako Umore Ona klubekoa) lortutakoa izan da.
Ostiral gauean jokatu zuten Elgoibarren San Anton Txapelketako finala. Nagusitasunez irabazi zuten azkeneko partida, Lazkaoko Lapke taldeko Oier Ibarluzeak eta Iker Garcia tolosarrak osatutako bikotearen kontra. Goierri eta Tolosaldeko bikotea lan erdietan —11-22— utzi zituzten Oiartzungo eta Goizuetako bikoteak.
Gainontzeko partidei dagokienez, partida gehienak txapelketetako lehen faseetakoak izan ziren. Leonet oiartzuarrak Iraeta tolosarrarekin batera jokatu zuen ostiralean, Lezamako (Bizkaia) pilotalekuan. Bertako txapelketako final laurdenak ziren, baina 9 tantotan geratu ziren gipuzkoarrak, Iglesias eta Elortz zaratamarren kontra.
Asteburuko partida guztien emaitzak ikusteko, egin klik esteka honetan.