"Sistema kapitalistaren miseriak agerian geratu dira beste behin heriotza berri honekin"
Ostiralean Pasaiako portuan lanean ari zela hil zen langileari elkartasuna adierazi diote lankideek. Lan osasuneko araudia betearazteko erabaki politikoak hartzeko exijitu die instituzioei LABek.
Ostiral iluntzean Pasaiako portuan lanean ari zela hil zen 47 gizonari “samina eta elkartasuna” adierazi zioten atzo haren lankideek. Komiteak deituta, elkarretaratzea egin zuten hamarka lagunek, Bizirik bueltatu nahi dugu lanetik lemapean. “2024a hasi denetik 12 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian. Paradoxa da segurtasun zaindarien lanetako bat ontzietan polizoiak sartzea eragoztea dela, kamioiek harrapatzeko dakarren arriskuarekin. Sistema kapitalistaren miseriak agerian geratu dira, beste behin, heriotza berri honekin, non langile prekario batek bizitza galdu baituen pertsona behartsuagoak zelatatzen”, salatu du LAB sindikatuak sare sozialen bidez.
“Istripu maila izugarrien honen aurrean”, neurriak hartzeko premiaz aritu dira LABekoak: “patronalaren inpunitatearekin bukatu behar da. Horretarako, instituzioek erabaki politikoa hartu behar dute, behingoz, ia hiru hamarkada abian daraman lan osasuneko araudia betearazteko. Bete ezean, langile klasea hiltzen jarraituko dute”.
Iluntzean izan zen ostiraleko ezbeharra, segurtasunaz arduratzen zen 47 urteko langile bat zendu zen arratsaldean Noatum UECC konpainiaren instalazioetan, karga maniobra bat egin ari zenean. Zamalanak egiten ari zen kamioi batek zaintzaile bat harrapatu eta hil egin zuen.