Inauterietako herri bazkarian izena eman dezakete sanpedrotarrek
Otsailaren 10ean izango da herri bazkaria, Proisan. Bide batez, Jai Batzordeak gogorarazi du ostiralera bitarte bidal daitezkeela Inauteriak iragartzeko kartelen proposamenak.
Inauteriak ate joka dira, eta sanpedrotarrak ere otsailaren 10eko festa prestatzen dabiltza buru-belarri. Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatutako bazkari herrikoian izena eman nahi dutenei dei egin berri diete, otsailaren 6ra (asteartea da) bitarte apuntatzeko aukera izango baita. Proisan izango da herri bazkaria. Helduek 18 euro ordaindu beharko dituzte (menua: patatak errioxar erara eta haragi bolak saltsan) eta haurrek, berriz, 6 euro (makarroiak jango dituzte etxeko txikiek).
Izena emateko helbide honetara idatzi beharko da, eta ordainketa egunean bertan egin beharko dela aurreratu dute. Bazkariaren ondoren, Javi DJk arratsaldea girotuko du.
Bestalde, inauteriak iragartzeko kartel bila jarraitzen du San Pedroko Jai Batzordeak. Irudiak ostiralera bitarte (otsailak 2) bidal daitezke, eta irabazle izango denaren euskarriaren aurkezpena otsailaren 3ko 12:00etan egingo dute. Aurkeztearekin batera, barrutiko kaleetan barrena jarriko dituzte. Irudiak JPG formatuan bidali behar direla zehaztu dute, jai batzordearen posta elektroniko helbidera. Derrigorrean, honako testua izan behar dute kartelerako proposamenek: San Pedroko Inauteriak 2024. Otsailak 10, larunbata. Egun osoan zehar jaia eta algara.
Kartela bidaltzearekin batera kontakturako datuak (izen-abizenak, telefono zenbakia eta posta elektronikoa) erraztu beharko dituzte parte hartzaileek.