Oiarpekoak, Lesakako txapelketan aurrera
Salaberria eta Landak zein Etxeberriak lortu dute Lesakako Arkupe Txapelketako finalaurrekoetara iristea. Partiden balantzea, positiboa.

Oiarpekoek hamalau partida jokatu dituzte asteburuan. Balantzea, oraingoan, positiboa izan da, horietako zortzitan nagusitu baitira Oiartzungo klubekoak.
Ostegunean izan zituzten kartelerako lehen bi partidak, Lesakan. Arkupe Txapelketako final laurdenak jokatu zituzten Salaberriak eta Landak osatutako bikoteak eta Etxeberriak, bakoitzak bere aldetik; biek ala biek lortu zuten finalerdietarako pasea.
Bikote oiartzuarra bi tantogatik nagusitu zen Iruñeko Oberena taldeko Elizalde eta Oskotzi. Etxeberriak eta Mundarroko Lizeagak 10-22 irabazi zieten Oberenako beste bikote bati, Sarasibar eta Agurrek osatutakoari.
Gainontzeko partidak lehenengo faseetakoak izan dira, eta atzo lagunarteko bat jokatu zuten.
Asteburuko emaitza guztiak ikusteko, egin klik esteka honetan.
Ander Imaz, irratian
Bestalde, Oiarpetik ateratako pilotari profesionala —Ander Imaz— Eskuz Binakako Txapelketa bikaina egiten ari da Iñaki Artola alegiarrarekin batera.
Multzoko fasea bukatzeko jardunaldi bakarra falta zaie Baikokoei, eta hirugarren postuan dira. Bigarren postuaren lehian arituko dira datorren larunbatean, hilak 17, Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaletaren kontra, Iruñeko Labriten. 17:15ean hasiko da norgehiagoka; arerioak bigarren postuan daude egun, eta irabazten badiete, tanteoaren arabera, oiartzuarrak eta alegiarrak bigarren postura egingo lukete salto.
Txapelketaren nondik norakoez hitz egiteko, Oiartzun Irratira gonbidatu dituzte. Goizean izan dira bertan, eta saioa errepikatuko dute 13:15ean eta 20:30ean.