Emaitzak ez dira inauteriak ospatzeko modukoak izan
Lau partida baino ez dituzte jokatu Oiartzun Kirol Elkarteko taldeek. Garaipen bakarra lortu dute, eta gainontzekoak, galdu.
![oiartzun ke](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/02/whatsapp-image-2024-02-11-at-23-16-25.jpeg)
Inauterien asteburua dela eta, Oiartzun Kirol Elkarteko taldeek lau partida besterik ez dituzte jokatu. Aukeratutako mozorroak ez du antzinako Erroma edo Greziako irabazleen erramu-koroarik, edo olinpiar jokoetako dominadunik.
Emakumeen talde nagusia Inauterien Hiriburuan izan zen. Usabalera bisita egin zuten oiartzuarrek, eta partida kaxkarra jokatu zuten. Azken asteetan gorabeheratsu dabiltza, eta larunbatean teknikoki akats asko izan zituzten. Ez zuten aukerarik sortu, eta horrela zaila da hiru puntuak poltsikoratzea.
Atzean ere hutsegiteak izan zituzten, eta tolosarrek bi aukera aprobetxatu zituzten baloia sareetara bidaltzeko. Hala ere, hirugarren postuan jarraitzen dute, Añorgarekin berdinduta, donostiarrek ere galdu egin baitzuten.
Mutilek ere etxetik kanpo jokatu zuten, Elgoibarren. Oiartzuarrak ongi atera ziren zelaira, eta lehenengo aukera beraiena izan zen. Ez zuten asmatu, baina bai elgoibartarrek hurrengo jokaldian, markagailuan aurreratuz.
Leonetek partida berdindu zuen 70. minutuan. Zailena egin ondoren, baina, Haundixa-k bigarren gola sartu zuen, eta hiru puntuak Debabarrenan geratu ziren.
Emakumeen bigarren taldeak ere galdu egin zuen. Irabazi zuen talde bakarra Euskal Ligako jubenilen taldea izan zen. 2-3 irabazi zuen, Loiun.
Emakumeen 3. RFEF Maila
- Tolosa — Oiartzun: 2-0.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila
- Elgoibar — Oiartzun: 2-1.
Emakumeen Euskal Liga
- Oiartzun B — Pauldarrak: 1-2.
Gizonen Lehen Erregionala. Kopa M-1.
- Oiartzun Bk ez du asteburuan jokatu.
Emakumeen Ohorezko Erregional Maila
- Oiartzun Ck atseden hartu du.
Mutilen Gazte Mailako Euskal Liga
- Urdaneta — Oiartzun: 2-3.
Mutilen Gazte Mailako Gorengo Maila
- Oiartzun Bren ligak atseden hartu du.
Mutilen Gazte Mailako Lehen Maila
- Oiartzun C hurrengo astean bueltatu da lehiara.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Oiartzunen ligak atseden hartu du.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Miren Tabernaren ligak astebeteko geldialdia egin du.