Udalekuetako hezitzaileentzako tailerra antolatu dute
Udalekuetako hezitzaileei euskararen erabilera sustatzeko erremintak emango dizkiete hilaren 15ean. Izena eman daiteke jada.
Oiartzungo Udaleko Hizkuntza Normalizaziorako sailak UEMArekin elkarlanean udalekuetako hezitzaileentzako tailerra antolatu du. Hilaren 15ean izango da (datorren asteko ostiralean).
Udalak adierazi duenez, ikastaroaren helburua nagusia izango da udalekuetan arituko diren hezitzaileei euskararen erabilera sustatzeko erreminta “praktikoak eta zehatzak” ematea. “Tailer parte hartzailea eta dinamikoa osatu dute aurtengo honetan ere, Oiartzunen arituko diren hezitzaileentzako zinez interesgarria izango dena”, gaineratu dute.
Saioa 17:30ean hasiko da, eta bi ordu iraungo ditu. Elorsoro kiroldegiko bilera gelan izango da, eta parte-hartzailea izango da, askotariko talde-dinamikekin.
Zehaztu dutenez, 25 pertsonentzat egongo da tokia. Interesa dutenek galdetegi bat bete beharko dute. Oiartzungo Udalak antolatzen dituen udalekuetan lan egiteko tailer hau egitea ezinbestekoa dela gogorarazi dute.