[Erreportajea] Ahalduntzen jarraitzeko, adinik ez
Pasaiako Jabetze Eskolaren hamargarren urteurrena ospatu berri dute lau barrutietako emakumeek. Arrakasta handiz jarraitzen du egitasmoak. Aurten, 250 emakume baino gehiago ari dira.
Pasaiako Jabetze Eskolak hamar urte bete ditu jada, joan den otsailaren 25ean itzali zituzten kandelak partaide izan diren gazte, heldu eta adinekoek, lepo beteta izan zen Juanba Berasategi aretoan. Hamarkada luze honetan bidelagun izan diren emakumeak izan ziren bertan, bizipen eta oroitzapenak partekatu eta emandako urratsak ospatzeko eguna izan zen, biribila.
2013tik askotariko adin, hizkuntza edota jatorriko emakume pasaitarrek arnasgune bat aurkitu dute espazio honetan, ahalduntzeko tresna eta baliabide askorekin egin baitute topo Jabetze Eskolan. Bekoz Beko elkartean izan da hitza, antolatzaile zein partaideekin batera, eskolaren bilakaeraz eta egindako lanak emandakoaz aritzeko. Pozik eta harro dira.
Hastapenak gogoratu ditu Bekoz Beko elkarteko Izaskun Barbier Zabaletak: «Lau barrutietako emakumeek elkartzeko beharra genuen. Urtean zehar ekintza eta mobilizazioak egiteko elkartzen ginen, baina zerbait gehiago behar genuela ikusi genuen. Feminismoa, berdintasuna eta indarkeria matxista zer den bistaratu nahi genuen. Nola? Eskola batekin, herriko emakumeak ahalduntzeko asmoz tresnak izan ditzaten», kontatu du. Finean, adin tarte guztietako emakumeen errealitatea ikuspegi feminista batetik aztertu eta errealitate hori aldatzeko tresnak eskaintzea izan da eskolaren asmoa, «jendarte justuago baterantz urratsak» emateko asmoz, Barbierren arabera.
Ahalduntzerako bide horretan bizitzako alor asko ukitzen joan dira pixkanaka, emakumeen interes eta beharren araberako eskaintza zabala osatzen joan baita eskola. Tailerrak, ikastaroak eta emakume taldeak aurki daitezke eskolaren barruan, eta horietan askotariko gaiak lantzen dituzte, modu askotara. Ikastaroetan, beste gai askoren artean, osasun mentalaz, sexualitateaz edota erotismoaz aritzen dira, eta tailerren artean, brikolajea eta konponketena nabarmendu du Barbierrek: «Brikolajearena sekulakoa izan da, hiru tailer antolatu ditugu eta emakume asko kanpoan geratu behar izan dira. Horrek poza eta indarra ematen dizkigu». Taldeek ere eskolaren barruan berebiziko garrantzia dutela esan du, eta horretan ere askotariko eskaintza dutela: jatorri askotariko emakume taldeak, zaintzeko eta maitatzeko taldeak, edota kirol taldeak dituzte, besteak beste.
Tailerrak, ikastaroak ala taldeak izan, guztiak lepo beteta geratu ohi dira, arrakasta handiko saioak izan baitira 2013tik gaurdaino egin dituzten guztiak. «Oso-oso pozik gaude. Aurten 250 emakume ari dira eskolan, ikaragarria da. Oso harro gaude, bai eskola bezala, baita elkarte bezala ere», aitortu du.
Sare handia
Eskolatik pasa diren ehunka eta ehunka emakumeei esker, sare erraldoia osatu dutela dio harro Barbierrek: «Saretze lan ikaragarria egin du eskolak. Adinez urrun dauden emakumeak elkartu dira hemen, eta ez da erraza hori».
Haren ahizpa Clarak ere iritzi berbera du, eta erantsi du elkar ezagutzeko tresna paregabea dela eskola: «Beste barrutietako emakumeak ezagutu ditugu, egunerokoan topatzen ez dituzunak. Giro oso polita sortzen da, elkar ezagutu, ikusi eta esperientziak banatzeko espazioa izan nahi baitu».
Antolatzaile lanetan aritu arren, azken hau ere partaide gisa aritzen da eskolan. «Literatura taldean ari naiz. Filologia ikasi nuen bere garaian eta orain naiz kontziente ilunpean utzi dituztela emakume idazleak. Gogoan dut ikasketak bitartean ez genituela emakume idazleak lantzen, eta konturatu naiz pila bat daudela».
Biek behin baino gehiagotan aipatu dute ahalduntzerako ez dagoela adinik, eta hamar urteren buruan hori berretsi dutela aitortu dute. «Asko adinekoak dira, 80 urte ingurukoak. Patriarkatu gordinena bizitu dute haiek. Baina gauza askotaz konturatzen hasten dira. Zuzenean edo zeharka, ikasten joaten dira, eta diskurtso feminista bere egiten dute. Orain dela gutxi sexualitatearen gaineko saio bat izan dugu, emakume heldu asko etorri zen, eta harrituta geratu ziren. Gauza asko ari dira ikasten. Sekula ez da berandu ahalduntzeko», esan du Izaskunek.
Adinekoen artean gai horietaz hitz egiteko «behar ikaragarria» zegoela erantsi du, eta bereziki, haien artean. «Tailerraren ondoren kafe bat hartzen dute eta ikasitakoa lagunekin partekatzen dute. Adin horietan bakardadea saihesteko aukera ere ematen du eskolak. Eskolaren garaipen handienetako bat hori izan da, adinekoak borroka honetara gerturatzea. Eguneroko gauzak kuestionatzen hasi dira. Zergatik zaindu behar dut nik bakarrik? Edo zergatik egin behar ditut nik etxeko lan guztiak? Gauza asko kuestionatzen ari dira».
Barbier ahizpen ama Emilia Zabaleta Labaien horietako bat da, hark aspaldi eman zuen eskolan aritzeko pausoa. Gogotsu aritzen da. «Gauza asko eman dizkit eskolak. Gaztea nintzenean gai hauetaz ez genekien ezer, ez zen honetaz hitz egiten. 80 urte ditut eta pozgarria da borroka honen bilakaera. Nire adineko emakumeak asko ari gara ikasten. Nire amak ez zuen askatasunik izan, eta horri bira ematen ari garela ikustea pozgarria da oso. Inoiz ez da berandu», dio. Saltsa guzietan ibilitakoa da Zabaleta, eta eskolan ere hala ibiltzen dela aitortu du: «Ez dut saio bakar bat ere galtzen».
Azken urteetan eskolaren barruko saioetan parte hartutakoa da Olaia Gerendiain Ruiz de Gauna gaztea, eta aurten eman du lehen aldiz izena ikasturte osora zabaldutako ikastaro batean. «Lehen aldiz eman dut izena, Zoru pelbikoa eta sexualitatea izeneko tailerrean zehazki. Oso pozik nago. Jabekuntza eskolak antolatzen dituen jarduerak mota batekoak edo bestekoak izan, beti sentitu dut sortzen dela konfiantzazko giro bat. Buruak, bihotzak eta gorputzak askatzeko izugarrizko lasaitasuna sentitzen dugu», aipatu du.