"E15a gizarte mobilizazioaren garaipena da"
Batzar Nagusietako Diputatuen kontseiluak asteartean egindako bilkuran Ekialdebusen aldatutako proiektua bertan behera uztea onartu du.
Autobus bat Alaberga auzoaren goiko aldean Batzar Nagusien Diputatuen Kontseiluak Ekialdebusen aldatutako proiektua bertan behera uztea onartu zuen asteartean. Aldatutako proiektu horrek, gaur egun zerbitzua ematen duen E15 autobus linea eta bestelako murrizketak barne biltzen zituen. Erabakiaren gaineko balorazioa egin dute E15 autobus linearen defentsan ari diren eragileek —Beraun, Igantzi, Alaberga, Galtzaraborda eta Pontikako auzo elkarteak, erretiratu klubak eta Duintasuna pentsiodunen elkartea—.
Ez dute zalantzarik. Erabaki hori, gizarte mobilizazioak eragindakoa da, eta hortaz, “gizarte mugimenduaren garaipena”.
Aldatutako proiektua bertan behera utzi izanak, aldundia urratsak egiten hasi denaren erakusle da eragile horien iritzirako, “norabide zuzenean ari dela erakusten du, eta Errenteria-Oreretako mugimendu sozialarekin hartutako konpromisoei jaramon egiten hasi dela”.
Irakurketan harago jo dute eragileek. Izan ere, proiektua bertan behera utzi izanak “begien bistakoa” zena ageriago utzi duela diote: “Ez da akatsa aldatutako proiektuan zegoena, hala balitz, zuzenketa soila egingo luke aldundiak proiektuaren gainean, eta ez hura osotasunean geldiarazi. Horrek argi erakusten du, beraz, proiektuak murrizketak egiten zituela bai autobus lineetan, baita horien ordutegietan ere”. Zalantzarik ez dute, “murrizketa horiek, erabaki baten ondorio ziren, eta ez akats baten ondorio. Aldundiak jakin du erabaki hori zuzentzen zerbitzu publiko hori babesteko mugimendu sozialak mobilizatzen hastea erabaki ondoren. Honakoa beraz, jendearen garaipena izan da”.
Erabakiarekin “pozik” eragileak, eta beste behin ere eskua luzatu diote elkarlanari, “prest gaude kolaboratzeko beharrezkoa denarekin zerbitzu publiko hauek mantentzeko. Agintean dagoena egonik ere, zerbitzu publikoak babestuko ditugulako”.
