Elkarlanetik, espazio iraunkorrak egituratzeko bidean
Lezoko eragileen arteko elkarlanetik abiatuta osatu dute Martxoaren 8ko egitaraua. Ekitaldi puntualak antolatzetik, emakumeen bilgune iraunkorra sortzeko bidea hasi dute udalak eta eragileek.
Emakumeen ahalduntzerako eta aske bizitzeko espazioak egunero irabazi behar dira. Horiek norbanakoen eguneroko borrokalditik etor daitezke. Baina taldean askoz errazago eta eraginkorrago funtzionatzen da. Horren jakitun, Lezoko Martxoaren 8koak antolatzeko garaian bat egin dute herriko hainbat eragilek: udalaren babesarekin, Lezoko Iruntzen Emakume Taldea, Gaxuxa Elkartea, Arkirun Pilota Kluba, Emakume Korrikalarien Taldea eta nordic walking-ekoak, Emaion harri tiraketa taldekoak, eta Korrika Batzordea aritu dira Emakumeen Egunari lotutakoak egikaritzeko asmoz lanean. Askotariko ekitaldi zerrenda da ondu dutena, baina nabarmentzekoak dira kirol edo ariketa fisiko kutsua dutenak. Jada ekitaldi batzuk egin dituzte. Beste asko asteburuan datoz.
Mireia Kuestak Berdintasun zinegotzi kargua partekatzen du Eneritz Arrutirekin batera. «Udalean sartu ginenean berehala egin genuen harremana herriko mugimendu feministarekin. Horren harira, zenbait gauza elkarlanean egingo genituela adostu genuen. Martxoaren 8ko egitaraua helburuetako bat izan zen». Emakumeen Egunerako elkarlan esparrua sortu, baina horrek iraunkorra izan behar duela uste du Kuestak. Bide horretan, eta hala jasota dago otsailaren 23an aurkeztu zen 2023-2027 Legegintzaldi Planean, Berdintasun Kontseilua sortzea da helburua. «Martxoaren 8tik abiatuta elkarlana hasi, eta kontseilua sortu nahi dugu. Handik beste edozein gairen gaineko lanketa egin ahal izango da, baita erabakiak hartu ere», azaldu du zinegotziak.
Azken asteetan eraso matxistak izan dira Lezon. Kezka dago herrian, mugimendu feministan, baita udalean ere. «Horren aurrean erantzunak irmoa izan behar du, erabatekoa eta denen artean adostutakoa. Berdintasun Kontseiluaren zereginetakoa ere horrek izan behar du: indarkeria matxistaren forma guztien kontrako borroka egituratzea, elkarlanetik eta herri ikuspegitik». Agintaldi plan horretan Emakumeen Txokoa sortzea ere aurreikusia dago. «Denen artan landu eta adostu behar dugu txokoaren proposamena».
Berdintasun Kontseiluarena herriko mugimendu feministak aspalditik zuen eskaera da. Horri ere erantzuna eman nahi dio udalak mahai iraunkor hori sortzearekin. Kuestak nabarmendu du herriko eragileen artean mamitu beharreko gaia dela txokoarena.
Kirolarekin ahaldunduz
Herriko eragileek osatu duten Martxoaren 8ko egitarauaren barruan (beheko koadroan daude xehetasunak) dauden ekitaldietatik dezente kirol esparruarekin edo ariketa eta osasun fisikoarekin harremana dutenak dira. Adibidez, lehenengoz Koldobike Gezala Pilota Txapelketa egiten ari dira. Erraketista profesionala izan zen Koldobike Gezala Sagarzazu (Lezo 1917-2022), eta hari aitortza egiteaz gain, emakumeak pilotaren mundura are gehiago hurbiltzeko iniziatiba da. Partidak haren izena daraman pilotalekuan jokatuko dituzte, Bekoerrota kiroldegiko frontoian, alegia.
«Badira urte batzuk Lezoko Emakume Korrikalarien Taldea sortu zela. Harago joan da, baina, emakumeak kirolaren bidez ahalduntzeko espazioen nolakotasuna. Emakume Indartsuak iniziatiba abian da, ibilketa nordiko taldea dago, emakumeena soilik den pilota txapelketa egingo da lehenengoz, eta gainera, estreinakoz ere, Lezoko Emaion harri tiraketa taldeak erakustaldia egingo du hilaren 9an», xehetu du Kuestak. Iaz sortu zuten emakume tiralariek taldea, eta Martxoaren 8ko egitarauaren barruan egokitu dute egingo duten lehen saioa. «Kirolean ere espazioa eta ikusgarritasuna irabaztea garrantzitsua da. Emakume erreferenteak izatea ezinbestekoa da. Bide horretan ari gara», nabarmendu du zinegotziak.
- Martxoak 7 (osteguna): 19:00etan, Koldobike Gezala pilota txapelketaren finalerdiak Koldobike Gezala pilotalekuan.
- Martxoak 8 (ostirala): 19:00etan, Gurutze Santuaren plazatik hasita, herriko manifestazioa. Zapi morea eramateko eskatu dute. Saldise plazan bukatuko da, eta han ekitaldia egingo dute.
- Martxoak 9 (larunbata):
- 10:00etan, ibilketa nordikoan (nordic walking) dabiltzan emakumeek nahiz oinezkoek bost kilometroko ibilbideari ekingo diote. Ibilbide bera egingo dute emakume korrikalariek, baina 10:30ean abiatuta. Plazan hasiko dute bidea.
- 11:30ean, Emaion Harri Tiraketa taldearen erakustaldia probalekuan.
- 14:00etan, Ibaiondon, bertso bazkaria. Alaia Martin eta Ekhiñe Zapiain izango dira bertsolariak, eta Amaia Resendek emango dizkie gaiak. Txartelak salgai dira Txingurrin eta Tiñelun.
- 19:30ean, Koldobike Gezala pilota txapelketaren finala, Koldobike Gezala pilotalekuan.