Oiarperen 20. urtemugaren ospakizuneko partiden berri eman dute
Hilaren 22an jokatuko dituzte partidak, Madalensoron. Haurren partidak eta nagusienak antolatu ditu Oiartzungo klubak.

Hogeigarren urteurreneko jaialdiko kartela.
Oiarpe pilota elkarteak bere ibilbideko lehenengo bi hamarkadak beteko ditu aurten. Hori ospatzeko bazkari handi bat antolatu dute hilaren 23rako, larunbatarekin (informazio gehiago aurki daiteke albistean).
Pilota klub bat izanda, baina, ezin da partidarik falta. Bezperan, ostiralarekin, Madalensoron pilota jaialdia antolatu dute, klubeko pilotari onenetakoek parte hartuko dutena.
21:00etan hasiko da pilota jaialdia, etorkizuneko pilotariekin. Haurren Mailako pilota partida mistoa jokatuko dute lehendabizi. Adur Martinez eta Aiur Apezetxeak osatutako bikoteak Unai Iturain eta Jare Ziaurritz izango ditu aurrez aurre.
Ondoren etorriko dira koskortuta daudenen partidak. Bi norgehiagoka jokatuko dituzte, eta bakoitzean Oiarpeko bina pilotari arituko dira… beste klub bateko pilotari batekin bikotea osatuta.
Honakoa izango da partiden kartelera:
- Eñaut Lizeaga (Astigarraga, Mundarro) – Mikel Leonet (Oiarpe) / Oier Zabaleta (Oiarpe) – Endika Santesteban (Zubieta, Oberena).
- Beñat Apezetxea (Goizueta, Umore Ona) – Unax Landa (Oiarpe) / Oihan Etxeberria (Oiarpe) — Markel Lizeaga (Hernani).
Sarrerak 5 euroko prezioan salduko dituzte bazkideentzako, eta 10 eurokoa prezioa izango dute gainontzekoentzako. Egunean bertan salduko dituzte pilotalekuko txarteldegian. Bestela, partida jokatu aurreko bi astearteetan pasa daiteke Oiarperen bulegotik (Madalensoron bertan dago). 18:00etatik 20:00etara bitartean izaten dira bertan.
