Sanpedrotarra Arraun Elkarteak eta Mater-ek indarrak batu dituzte
Lankidetza hitzarmena sinatu berri dute bi aldeek, "beren kirol eta dibulgazio jarduerak zabaltzeko hainbat ekimen bultzatzeko" asmoz.
Isasa eta Suberbiola. Sanpedrotarra Arraun Elkarteak eta Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak lankidetza hitzarmen bat sinatu berri dute. Bi aldeek jakinarazi berri dutenez, akordio honetan bi erakundeek konpromisoa hartu dute “beren kirol eta dibulgazio jarduerak zabaltzeko hainbat ekimen bultzatzeko”. Akordio honen arabera, Mater-ek arrauna ezagutarazteko jarduerak sustatuko ditu, eta Sanpedrotarrak, berriz, museoaren dibulgazio lanekin lagunduko du.
Horrez gain, denboraldi honetan Libia traineruak Mater-en logoa eramango duela aurreratu dute bi aldeek.
Klubeko presidente Xabier Isasa pozik agertu da lankidetza hitzarmenarekin: “aspaldidanik zegoen harremana ofizialtzen du akordio honek, eta horri esker, bi aldeek elkarrekin lan egin dugu eta bientzat onuragarriak izan diren gaietan lagunduko dugu”.
Mater-eko zuzendari Izaskun Suberbiolaren arabera, bi aldeak aterako dira onuradun hitzarmen honetatik, eta “gure kirol, dibulgazio eta gizarte proposamena aberastuko” duela esan du: “oso garrantzitsua da Pasaian itsasoan lan egiten dugun erakundeok indarrak batzea gure itsas ondarea babesteko eta balioan jartzeko. Sanpedrotarrak beti eman digu bere babesa arlo honetan planteatu ditugun ekimenetan, eta akordio honekin amaiera bikaina eman diogu gure harremanari, beste urte askotarako elkarlanean jarrai dezagun”, adierazi du.
