Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa ardatz dituen adierazpen instituzionala egin du Pasaiako udalak
Pasaiako udalak hamar konpromiso hartu ditu M8an, eta adineko emakumeen bizitzetan jarri dute arreta berezia.
Martxoaren 8 honetan, Pasaiako udalak adierazpen instituzional bat argitaratu du, eta aurtengoan adineko emakumeen bizitzetan jarri dute arreta berezia. Udalak adierazi duenez, adineko emakumeen belaunaldia sistematikoki estereotipatua eta diskriminatua izan da, eta hain zuzen, adierazpen horren bidez gizarte berdinzaleago baten aldeko aldarriak ikusarazi nahi dizute.
Ikusezintasun horrek ahulezia handiagoko egoerak ezkutatzen dituela diote, prekarietatea, pobretzea, osasun arazoak, zaintza premiak eta indarkeria matxista mota jakin batzuk, kasu.
Gauzak horrela, Pasaiako udalak hamar konpromiso hartu ditu -albistearen amaieran dago zerrenda txertatua-, eta gehitu du oraindik lortu gabe dauden gaien alde lanean jarraitu behar dela; hala nola soldata berdintasuna, amatasunagatiko lan diskriminazioa, genero-arriskurik gabeko gurasotasun arduratsua, jazarpenaren eta tratu txar fisiko zein psikikoen aurkako berme eta segurtasun juridikoa gizarte maila guztietan.
Pasaiako udalak herritarrei dei egin die Mugimendu Feministak Emakumeen Nazioarteko Egunean antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte hartzeko.
M8an Pasaiako udalak hartu dituen konpromisoak
- Emakumeek historian zehar eta ezagutza arlo guztietan egindako ekarpenak ikusarazten, gogoratzen eta ospatzen dituzten proiektuak bultatzen jarraitzea Pasaiako Jabekuntza Eskolaren eta berdintasunerako udal-politiken bidez.
- Berdintasun Mahaia bultzatzea eta indartzea, elkarlana areagotzea, mahai horren belaunaldien arteko izaera sustatzea eta Pasaiako Mugimendu Feminista aintzatestea.
- Pasaiako kale izendegian aldaketak egitea, tokiko genealogia berreskuratzeko eta Pasaiako historian erreferente izan diren emakumeek dagozkien lekuak har ditzaten.
- Berdintasun planen bidez gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
- Pasaiako gizarteko eragileak eta geruzak prestatzen eta sentsibilizatzen jarraitzea.
- Jatorri eta errealitate sozioekonomiko askotako emakumeen arteko topaguneak eta elkarrizketa bultzatzen jarraitzea.
- Emakumeen aniztasunaren ikusgarritasuna sustatzea.
- Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren eragina eta hura gauzatzeko moduak ikertzea eta horietan sakontzea.
- Pasaiako laguntza eta zaintza zerbitzu publikoak erdigunera eramatea eta zaintza arloko langileei gizarte eta lan duintasuna ematea.
- Adineko emakumeei eskubidea duten laguntza eta prestazio ekonomikoak eskuratzen laguntzea, eta erakunde eskudunen aurrean bitartekaritza eskaintzea.
