Sexu-jazarpenaren lehen protokoloa onartzea aztertuko du plenoak
Hileroko udalbatzarra astebete aurreratuko dute, etzira. Hamabi puntu izango ditu. Hautets-mahaien zozketa ere egingo dute aste honetan.
Oiartzungo udalbatza hileko azkeneko asteazkenean bildu ohi da, baina udaberriko oporraldia dela eta, astebete aurreratzea erabaki dute. Etzi —hilak 20— izango da, 18:00etan hasita.
Hamabi puntuko gai-zerrenda izango dute esku artean. Askotariko gaiak aztertuko dituzte. Oiartzungo Udalaren sexu-jazarpenaren, sexuan oinarritutako jazarpenaren eta bestelako jokabide diskriminatzaileen aurreko lehen protokoloa onartzea izango da nabarmenduetako bat.
Gainera, Soinuenea fundazioarekin duten hitzarmena berrituko du udalak, besteak beste. Honakoa izango da gai zerrenda osoa:
- Aurreko batzarrari dagokion aktaren onarpena.
- Oiartzungo Udalaren sexu-jazarpenaren, sexuan oinarritutako jazarpenaren eta bestelako jokabide diskriminatzaileen aurreko lehen protokoloa onartzea.
- Energia elektrikoaren, gasaren, uraren eta hidrokarburoen garraiorako instalazioen alde udal jabari publikoaren erabilera pribatibo eta aprobetxamendu bereziagatik tasari eragiten dion Zerga Ordenantzaren zuzenketa onartzea.
- Oiartzungo Udala eta Soinuenea Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmena onartzea eta haren baitako 2024ko dirulaguntza ordaintzea.
- Elorrondo kaleko 66an igogailua jartzeko obra baimenari lotutako likidazioan hobaria aplikatzea.
- Beste ekitaldietako ordainagiriak baliogabetzea eta dagokionean itzulpenak egitea eta ordezko agiri zuzenak igortzea.
- 02/2024 zenbakiko kreditu aldaketa onartzea.
- 2023 ekitaldiko aurrekontuaren likidazioaren berri ematea.
- 01/2024 zenbakiko kreditu aldaketaren berri ematea.
- 2023ko Finantza Kontroleko planari buruzko ekintza planaren berri ematea.
- Beste organoen jardueraren jarraipena.
- Eskari-galderak.
Hautets-mahaien zozketa
Ez da hileko udalbatzarra bakarra izango. Izan ere, biharamunean —ostegunean, hilak 21—, Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeetako mahaiak osatzeko zozketa egingo dute.
Udalak adierazi duenez, ezingo dute asteazkeneko plenoan egin, hauteskunde egutegiak zozketa hilaren 21a baino lehen ezin dela egin ezartzen duelako.
08:30ean egingo dute zozketa publikoa eta ostegunean bertan hasiko dira udaltzainak mahaikide izatea egokitu zaienei jakinarazpenak banatzen.