Udaberriak oiartzuarren bi literatura lan ekarriko ditu
Aintzane Galardik 'Leiho bat bihotzean' poesia liburua kaleratuko du, Balea Zuriarekin. Goiatz Labandibarrek, berriz, 'Zoo', narrazioz osatutakoa, Elkarrekin.
Urtaroak heltzear diren aldiro egiten duen moduan, Berria egunkariak udaberriak ekarri(ko) dituen literatur lanei errepasoa eman die. Ainhoa Sarasola kazetarik jaso duenez, liburu-dendetan izango diren nobedadeetako bik idazle oiartzuarren sinadura eramango dute.
Aintzane Galardik Leiho bat bihotzean poema-liburua argitaratuko du. Balea Zuria poesian espezializatutako argitaletxearen eskutik publikatuko du bere seigarren liburua. Aurrekoa 2019an loratu zen, Lurra eta dardara. Zortzi ahots emakumezko izeneko antologia poetikoa.
Denbora-tarte txikiagoan emango du fruitua Goiatz Labandibarren sormenak. Bekatua eleberriaren ondoren (Erein, 2023), Zoo iritsiko da. Oraingoan, narrazio liburua izango da, gisa horretako bere ibilbideko bosgarrena.