Ibai ertzetan sare gehiago jar daitezela eskatu du Eguzkik
Aldundiak zeregin horretarako onartu duen diru partida balia dezatela eskatu die talde ekologistak Oarsoaldeko udalei.
Oarsoaldeko lau udalek ibai ertzetako baranden azpialdeetan sareak jarri dituzte, horien ondoan pilatzen diren hondakinak ibaietara, eta beraz itsasora, irits ez daitezen. Eguzki taldeak bultzatutako iniziatiba izan zen hura. Baina gehiago jar daitezela eskatu dute taldekideek, “ez dira jarri beharrezkoak liratekeen guztiak”.
Sare horiek ezartzeko udalek diru laguntza eska dezaketela zehaztu du Eguzkik. Zehazki, otsailaren 20an onartu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontseiluak ibaiak garbitzeko eta babesteko diru laguntzen oinarriak, eta horiei begirako eskaerak aurkeztuz gero, udalek diru zatiak lor ditzaketela adierazi du, besteak beste sare horiek ezartzeko. “Denok dakigu itsasoan dagoen kutsadura gure ibai eta erreketan hasten dela, eta egoera hori aldatzeko aipatutako neurriak eta beste batzuk beharrezkoak dira”.
Eguzkik adierazi du udalek gaiarekiko jarrera baikorra azaldu dutela, baina horri jarraipen eman behar zaiola. “Diru laguntza hau aukera paregabea da, eta udalei hori eskatzea proposatzen diegu”.