'Atearen bestaldean' ikuskizun parte hartzailea, Hika Teatroaren eskutik
Emanaldi familiarra izango da, 6 urtetik gorako haurrei eta haien gurasoei begirakoa. Sarrerak 3 euroan eskura daitezke.

Hika Teatroa konpainiak Atearen bestaldean izeneko ikuskizuna eskainiko du igande honetan (hilak 24) Pasaian. Donibaneko Juanba Berasategi aretoak jasoko du emanaldia, 17:00etan hasiko dute. Ikuskizun “familiarra eta parte hartzailea” izango dela aurreratu dute konpainiakoek, 6 urtetik gorako haurrei eta haien gurasoei begirakoa. Sandra Fernandez Agirre eta Unai Zelaia interpreteak igoko dira oholtzara, Agurtzane Intxaurraga zuzendariaren gidaritzapean.
Sarrerek 3 euroko prezioa dute, eta online edo aretoko leihatilan eskura daitezke jada.
Ondorengo bideoan igandekoaren aurrerapen bat ikus daiteke:
Atearen bestaldean, pertsonok egoera kaltegarriak gainditzeko dugun gaitasuna, erresilientzia, alegia, lantzen duen ikuskizun parte hartzailea da.
Ate bat ireki eta gurutzatu.
Ate bat ireki eta gonbidatu.
Bata zein bestea itxaropen eta alaitasun ekintza txikiak dira, eta egiterrazak dirudite; hainbatetan, ordea, ezinezko bihurtzen dira.
Ikuskizun honek ateak irekitzera gonbidatzen zaitu eta bestaldean dagoenaz gozatzera.