Errenteriako Udalak poesia lehiaketa estreinatuko du
Lanak apirilaren 26rako entregatu beharko dira, eta irabazlearena 'Lekuona Fabrika Poesia Antologia' liburuan argitaratuko da.
Lehenengo aldiz jarriko du martxan poesia lehiaketa bat Errenteriako Udalak. Ekainean antologia bat argitaratuko da 2023-2024 ikasturtean Sihara Nuño poetaren tailerrean sortutako poesia lanekin, eta argitalpen horren parte izatea izango da ekimen berri honen sari nagusia.
Lehiaketa honek bi modalitate izango ditu: euskaraz bata, eta gaztelaniaz bestea. Bi kasuetan edonork hartu lezake parte, gaia librea da eta lanek gehienez orrialde bateko luzera izan beharko dute.
Lana amaitu ostean, entregatzeko bi aukera egongo dira; fisikoki zein online. Lehenengo kasuan Lekuona Fabrikan entregatu beharko da, eta emailez entregatu nahi izanez gero, biblioteka.lekuona@errenteria.eus helbidera bidali beharko da mezua. Kasu honetan mezuaren gaia ‘Poesia lehiaketa’ izan beharko du.
Antolatzaileek esan dutenez, irabazleak 2024ko maiatzaren 10ean iragarriko dituzte.