Yakovlev 42 musika taldeko kideak, "gorroto delituagatik" ikertuta
Musika taldeko sei kide eta kide ohik epailaren zitazioa jaso dute, Guardia Zibilaren txosten baten ondorioz. Maiatzaren 6an, epaitegira joan beharko dira.
Yakovlev 42 musika taldeak jakinarazi duenez, taldeko kide diren eta izan diren sei lagunek epaitegitik pasatu beharko dute maiatzaren 6an. Otsailean bi kidek jaso zuten zitazioaren jakinarazpena, eta egun batzuetara, gainontzeko laurek.
Jakinarazi dutenez, sei musikariak ikertuta daude (balizko akusazio baten aurreko egoeran). “Diotenez, gure ikuspegi ideologiko berarekin bat ez datozen guztienganako gorrotozko diskurtsoa elikatzen ari garelako”, azaldu du Yakovlev 42 taldeak ohar baten bidez.
Guardia Zibilaren txosten batek abiarazi du prozesua. Taldeko kideak ikertuta daude —Guardia Zibilaren arabera— abestien letra “guztiz intoleranteengatik”, kontzertuetan zenbait jokabide erakusteagatik eta indarkeria “etengabe goraipatzeagatik”.
Taldeak gaineratu duenez, Donostiako Instrukzio Epaitegira joan beharko dute, gorrotozko delitu baten ustezko egile gisa. “Ikerketa hori akusazio bihurtzen bada, urtebete eta lau urte arteko espetxe-zigorra eska dezakete kide bakoitzarentzat”, ohartarazi dute.
“Beste behin ere”, adierazpen askatasunaren eta kultur-askatasunaren kontrako urraketa bizitzen ari direla esan dute, oraingoan “lehen pertsonan”. Askatasun horiek bermatzea eskatu dute.