'Aitona Floren', Karmele Mitxelena oiartzuarraren azkena
Atzo ikusi zuen argia haurrentzako azken argitalpenak. Jokin Mitxelena ilustratzailearen laguntza izan du idazleak.
Karmele Mitxelena idazle oiartzuarrak Aitona Floren izeneko haurrentzako liburua argitaratu berri du, euskara hutsean, Elkar argitaletxearekin. Oiartzuarrak sortutako istorio honi Jokin Mitxelena ilustratzaile oiartzuarrak jarri dizkio marrazkiak. 12,60 euroan eskura daiteke liburua, lotura honetan edota Elkar dendetan.
Danel aitonaren zain dago eskolako atarian, egunero bezala; bera joaten zaio bila, Danelek bere kabuz moldatzeko gauza dela uste duen arren. Txurirekin joan ohi da; txakurrak haur guztiek entzuteko moduko zaunkak eginez agurtzen du beti. Gaur, ordea, aitona asko berandutzen ari da, eta bakarrik abiatzea erabaki du. Etxera iristean jakingo du aitona zorabiatu egin dela eta ospitalera eraman dutela. Haurrei norbait betiko lo geratu dela esaten zaienean, badakite norbait hori hil egin dela, izarretara joan dela esaten zaienean bezala. Danelek ondo daki aitona ez dagoela lo, bazkalostean telebistaren aurrean geratzen denean bezala. Eta amari galdetu dio erantzun zehatz baten bila: “Aitona hil egin da, ama?”.