"Gazteek bizipozez bete dute herria"
Lezoko udal gobernuak oso baikor baloratu du Ernairen Gazteon Eskutik topaguneak herrian utzitako arrastoa, eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei eta parte hartzaileei.
“Loraldi ederra bizitu dugu Lezon Ernai gazte erakundeak antolatu duen Gazteon Eskutik ekimenaren bitartez”. Lezoko udal gobernuak martxoaren 29tik 31ra gazte erakunde independentistak herrian egindako topagune handiaren gaineko balorazio gozoa egin du, “kolorez, alaitasunez, esperantzaz… bizipozez bete dute herria”. Euskal Herri osotik etorritako 3.000 gazte izan dira herrian martxo bukaerako egun horietan. Udalak eskerrak eman dizkie antolakuntzan ibili direnei nahiz herrira parte hartzera etorritakoei, “eredugarria izan da gazteen jarrera eta konpromisoa. Ederra izan da herria gazteturik ikustea. Udaberria kolorez eta esperantzaz hasi da Lezon. Gazteen eskutik loratu da herria”.
Udal gobernuak adierazi du gazteek euren neurrirako herria bilakatu zutela Lezo. “Batzuk desesperantzaren eta etsipenaren mezua zabaltzen ari diren bitartean, Lezon elkartu ziren gazteek elkarrekin hausnartu, eztabaidatu, lan egin, dantzatu eta lohietan zikindu ziren. Gazteak izan dira protagonista”.
Balorazio baikorraren oinarrian, hainbat arlo zehatz aipatu dituzte gobernukideek. Batetik, berretsi dute antolakuntza bikaina izan duela topaguneak, herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortuz: “Herrian giro bikaina izan dugu. festa giro osasuntsua eta inolako liskarrik gabea izan dugu. Nabarmentzekoa da herria eta herritarrak nola zaindu dituzten, baita ingurunearekiko erakutsi duten errespetua ere.”. Gainera, egitaraua “oparoa” izan dela nabarmendu dute, eta horren barruko ekitaldietan gazte asko eta asko izan direla.
Egitarautik kanpo, baina gazteen inplikazioa behar izan duten beste alor batzuk ere nabarmendu ditu udal gobernuak, adibidez 24 orduz egin diren txandak, edo garbitasun taldeen zeregina. “Ederra izan da gazteen bulkadaz, ilusioz, alaitasunaz eta anbizioz herria nola zipriztindu den bizitzea”.
