Aurtengo Antxoberfest, maiatzaren 9tik 11ra
Antxoko garagardoaren jaiak hamaikagarren ekitaldia izango du aurtengoa. Xehetasunak aurrerago emango dituzte antolatzaileek.
XI. Antxoberfest Garagardo Festa maiatzaren 9tik 11ra egingo dela aurreratu dute, sare sozialen bidez, antolatzaileek. Beraz, ohiko formatua izango du, data aldetik behintzat, festak: ostegun batez hasiko da, eta larunbatarekin bukatu. Pasaiako Itsas Festibalarekin bat egingo du jaiak, jaialdi hori maiatzaren 9tik 12ra izango baita.
Festa noiz egingo den esanda, lanean jarraituko dute antolatzaileek hiru egun horietarako ahalik eta egitarau oparoena prestatzeko. Jakina dena da garagardo onak, eta jateko goxo-goxoak ez direla faltako aurtengoan ere ez. Animazioa eta musika ere ziurtatuta izango dira. Aurrerago emango dituzte xehetasunak.