Mugi sistema ezarri denetik, «mugimendu gehiago»
Hilabete eskas bat darama indarrean Mugi txartelarekin ordaintzeko sistema berriak Pasaiako motoran. Langile eta erabiltzaileekin izan da HITZA, lehen inpresioak jasotzeko.
Bihar (hilak 6) hilabete bat beteko da Mugi sistema Pasaiako motoran txertatu zutenetik. Martxoaren 6tik San Pedro eta Donibane lotzen dituen barkuak prezio murriztuak eskaini dizkie Mugi txartela aurkeztu dutenei, baita zenbait onura ere. Oraingo tarifa berria 0,48 eurokoa da bidaiako, lehengoa 1,10 eurokoa zenean. Autobus publikoek kobratzen duten prezio berbera ezarri diote bi barrutien arteko bidaia labur eta ederrari. Pasaitarrek, oro har, ederki jaso dute albistea, eskaera historikoa baitzen.
Txarli Maldonadok 15 urte daramatza motora gidatzen. Aitortu du azken hil honetan «jende asko» mugitu duela barkuak, aurreko hiletan baino dezente gehiago: «Mugimendu gehiago sumatu dugu sistema berria ezarri denetik. Hemen lanean hasi nintzenetik herritarrek eta langileok egindako eskaera izan da, kobrantza asko errazten duelako, eta hain gertu dauden bi barrutien arteko bidaiarako prezio duin bat jarri dutelako», aitortu du.
Teresa Allende sanjuandarrak San Pedron klaseak ematen ditu, eta astean maiz joaten da alboko barrutira. «Orain arte autobusean joaten nintzen San Pedrora, 0,30 euro ordaintzen nituelako bidaiako, eta motoran, berriz, 1,10 euro. Buelta osoa ematen nuen garesti ateratzen zitzaidalako motora, baina orain ontzia hartzen dut beti. Pozik jaso dugu albistea pasaitarrek», esan dio HITZAri.
Pasaitarra ez izan arren, badiaren alde batetik bestera ibiltzen da Arantxa Irazusta donostiarra, eta hark ere onurak besterik ez ditu jaso Mugi sistema ezarri zenetik. «Lehen autoz etortzen nintzen lanera egunero Donibanera. Orain San Pedron aparkatu eta motoran etortzen naiz. Ez dut kalkulatu zenbat aurrezten dudan, baina dezente», esan du.
Motoraren ohiko erabiltzaile ez bada ere, azken hilean barkuak izandako gorakadaren lekuko izan da Felipe Manzisidor sanjuandarra, arrapalatik gertu bizi baita. Albiste ona dela aitortu badu ere, pasaitar asko kexu direla dio: «Sekulako ilarak sortu dira Aste Santuan. Jende askok lanera joateko erabiltzen du, eta ordu erdi itxaron behar izan du. Hori entzuten da herrian», zehaztu du.