Koldo Mitxelenako patioa, larunbatean ere, aniztasunez betea
Kultur aniztasunaren jaia ospatu du gaur goizean Koldo Mitxelenako hezkuntza-komunitateak, Koldokide guraso elkarteak antolatuta.
Astelehenetik ostiralera bitartean, Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokia eremu bizia izan ohi da, goizeko hainbat momentutan. Gaur, larunbata, goiz osoan zehar izan da bizitza.
Koldokide guraso elkarteak antolatuta, kultur aniztasunaren jaia egin dute gaur. Hasteko, sei hizkuntzatan kontatu dituzte ipuinak, eta, ondoren, eskulanen txanda izan da. Jolastokiaren ertzetan hainbat mahai jarri dituzte, norberaren jatorriko herrialdeko jakiak prestatzeko. Munduko txoko askotako banderak ikus zitezkeen: Venezuela, Maroko, El Salvador, Honduras, Euskal Herria…
Dantzak ikasteko tailerren ordua izan da eguerdia pasatxo izan denean: hemen —euskal dantza— eta han —salsa eta merengea— sortutako dantzak ikasi dituzte animatuenek.
Bukatzeko, antolaketa-lanek pixka bat atzeratu badute ere, askotariko jatorriko jakiak probatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, platera eskuan. Astegunetan bezala, larunbatean ere aniztasuna bizitu da Koldo Mitxelenako patioan.