'Mavka. Basoaren zaindaria', Zinema Txikiaren hurrengo proposamena
Larunbatean izango da proiekzioa, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Ohi bezala, doakoa izango da sarrera, baita motora zerbitzua ere.
Joan den urteko emanaldi batean ateratako irudia da honakoa. Pasaiako haurrak eta haien gurasoak adi egon daitezela, Pasaiako Zinema Txikiak hurrengo hitzorduaren berri eman baitu. Larunbat honetan (hilak 20) Mavka. Basoaren zaindaria filma proiektatuko dute Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan (17:30ean), euskara hutsean.
Sarrerak erreserbatzeko lotura honetara jo beharko da eta bertan adierazi beharko da motora zerbitzurik behar den ala ez. Badiako uretan jokatuko den estropada dela eta, larunbat honetan motora ez da Trintxerpetik aterako. San Pedrotik abiatuko dela iragarri du udalak, 17:00etan. Buelta, berriz, Trintxerpen izango da.
