Engracia Agredas de Miguelek ehun urte bete ditu
Agredasek Petra Lekuonan ospatu du bere mendeurrena, festa politarekin. Udaleko ordezkariak ere bisitan joan zaizkio.
Errioxan jaio zen, gaur duela ehun urte, baina txikia zenetik bizi da Oiartzunen. Engracia Agredas de Miguel oiartzuarraren urtebetetzea da gaur, eta ederki asko ospatu ditu.
Donibane eta Mendiburu kaleetan bizi izan zen, eta hango kontuak ongi ezagutzen ditu. 23 urte daramatza Petra Lekuona zaharren egoitzan bizitzen, eta bertan ospatu du urtemuga. Agredasen ilobak kontatu du luze bizitzeko sekretua: gutxi eskatu behar omen da, asko eskatuta ez delako deus iristen.
Puxikak, musika, zoriontzeko banda, hamaiketakoa… Modu politean ospatu dute Agredasen urtebetetzea. Udaleko ordezkariak ere bisitan joan zaizkio, oiartzuar guztien izenean zoriontzera. Joana Mendiburu alkatea eta Olaia Lasa Ongizate zinegotzia hurbildu dira beregana, eta lore-sorta oparitu diote. Datorren urtean berriro ikustekotan geratu dira.