Iluntzeak ez du skatean aritzea zapuztuko
Iturriozko auzotarrek eskatuta, udalak argiztapena jarri du Gaetxeko skate parken. 22:30era arte funtzionatuko du, sakagailu batekin.
Gaetxeko skate parkearen erabilera ez du arratsaren iritsierak baldintzatuko. Izan ere, Oiartzungo Udalak argiztatze sistema jarri du, iluntzean —22:30era arte— erabili ahal izateko.
Iazko auzo bileren sortan egindako proposamena da hori. Zehazki, Iturriozko bizilagunek beraien auzoko batzarrean helarazitakoa. Auzotarren eskaera horri erantzunez, fokuak jartzeko lanak bukatu berri dituztela jakinarazi du udalak.
Skatearekin, patinetearekin, scooterarekin edo BMXarekin iluntzean ibili nahi dutenek, beraz, horretarako aukera izango dute. Herriko pilotalekuetan bezala, sakagailu bidez piztu ahal izango dira argiak. Modu horretan, inor ez dabilenean itzalita egongo dira, hartara argindarra aurrez daiteke.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, Gaetxeko skate parkea argiztatzeko proiektuak 2.500 euroko aurrekontua izan du.