Elkartasunez beteko dute Trintxerpeko Gudarien plaza larunbatean
Kaleratu nahi dituzten Eskalerillas blokeko bizilagunen aldeko Elkartasun Eguna antolatu du Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak etzirako. Egun osoko egitaraua ondo dute.
Trintxerpeko Eskalerillas ondoko blokeko bizilagunek tinko jarraitzen dute euren borrokarekin. Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak babestuta, etxegabetzea ekiditeko askotariko mobilizazioak egin dituzte azken hiletan. Horien artean, sinadura bilketa bat abiatu zuten martxoan, “Pasaiako Portuari bizitoki aterabide bat exijitzeko”. Bilketa honekin jarraitzen du sindikatuak, eta datozen egunetan Trintxerpeko Koxka eta Busturia tabernetan zein Donibaneko Remosen ere sinatzeko aukera izango dela jakinarazi du.
Larunbatean (hilak 20) ere eraitsi nahi duten blokean bizi diren 12 familien egoera salatzera aterako dira kalera, Elkartasun Eguna antolatu baitute. Egun osoko egitaraua antolatu dute. 11:00etan haurrentzako jolasak izango dira Trintxerpeko Gudarien plazan. 12:00etan, berriz, kazerolada egingo dute barrutiko kaleetan barrena. 14:00etan bazkari herrikoia izango da eta ondoren, kantautore batek arratsaldea girotuko du.
Egun honek, egoeraren berri emateko aukera emateaz gain, “familiei elkartasuna adierazi eta bizitoki alternatiba bat eskatzeko” ere balioko duela diote sindikatuko kideek. “Ez dugu ahaztu behar proiektu honek guztiak gutxi batzuk are gehiago aberastu daitezen balio duela. Merkantziak garraiatuko dituen trenbidea eraiki nahi dute, eta, horretarako, ez zaie 12 langile familia etxegabetzea axola. Hots: beraien aberastasun metaketa ez du ezerk geldiaraziko”, esan dute, amorruz.
Bide batez, administrazio publikoen “erantzun eza” salatuko dute larunbatean. Afera hasi zenetik Eusko Trenbide Sarearen partetik ez dutela erantzunik jaso diote, eta hauteskundeen aurreko kanpainan ere erantzunik jasoko ez dutela argi dute, “hitzontzikeriatik harago”. Pasaiako Udalaren jarrera ere salatu dute, “are larriagoa” dela diote: ““Udalerriko 12 familia etxegabetuko dituzten honetan ez baitigu hitz politez harago aterabide errealik aurkeztu”, esan dute. Posizio “argia” eskatu diote udalari: “etxegabetzeen aurkakoa eta irtenbide baten aldekoa”.
Lotura honetan bizilagunen egoeraren gaineko erreportajea irakur daiteke, joan den otsailean HITZAk argitaratutakoa.