«Saria idazten jarraitzeko bultzada izatea nahi dut»
Olatz Mitxelena Larretaren ‘Arrain hezur bat eztarrian’ lanak iazko euskarazko narratiba liburu onenaren saria jaso du, kritikarien eskutik. Pozez, baina oinak lurrean dituela jaso du aitortza.
Urtero, Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak estatuko lau hizkuntza ofizialetako poesia eta narratiba liburu onenak saritzen ditu. Iazko narratiba libururik onena Olatz Mitxelena Larreta oiartzuarraren Arrain hezur bat eztarrian izan da haien iritziz. Aitortzak ez du sari ekonomikorik, baina prestigio handia du literaturaren munduan. Mitxelenak, noski, aitortza modu onean jaso du. «Albistea jaso nuenean, kristoren poza sentitu nuen. Ez nuen sinesten, erabat espero gabekoa izan da. Telefonoz deitu zidaten epaimahaiko kideek, eta izugarrizko poza izan zen lehendabiziko sentsazioa».
Beretzako laudorio guztiak dira esanguratsuak, irakurle anonimoarengandik hasita. «Egia da liburua irakurri duen norbaitek esanda poza ematen duela, baina horrelako titulu bat duen aitortza edo errekonozimendua egiteak ere poz handia ematen du». Kritikarien saria jasotzeak ba omen du zama —edo lilura—, eta horri buelta ematen saiatu da. «Titulu horrek, agian, momentu batean izutu edo harritu ere egin dezake. Ez gehiago ez gutxiago, kritikari batzuek, momentu batean, hartutako erabakia izan da». Hala ere, «hankak lurrera ekarri» nahiko lituzke Mitxelenak, eta sari hori erlatibizatu. «Agian izan dezakeen zama hori arintzeko erlatibizatzen dut…», aitortu du.
Idazle oiartzuarrarentzat akuilu izango da Kritikaren Saria, hori argi dauka. «Deitu zidan epaimahaikideak berak esan zidan —eta nik hala uste dut— idazten jarraitzeko bultzada izan daitekeela saria, eta nik neuk horrela hartu dut: ‘Hau gustatu zaigu, eta segi’. Hemendik aurrera ere idazteko gogoa eta gaitasuna izatea izango litzateke niretzako gauzarik pozgarriena, denbora hori hartu eta horretan jarraitzea».
Kritikaren Saria pasa den igandean banatu zuten, Ferrolen (Coruña, Galizia). Gonzalo Torrente Ballester idazle izan zenaren jaioterrian jakinarazten dituzte hartutako erabakiak. Mitxelenaren Arrain hezur bat eztarrian liburuak hamar narrazio ditu, elkarrengandik ezberdinak, ildo jakinik gabe, baina gizakiaren funtzionamendua eta ezintasunak islatzen ditu. 2021ean lortu zuen Igartza Sariaren bidez idatzi zuen liburua, eta Elkarrekin argitaratu zuen, iaz.