Markel Amat sanpedrotarra, munduko 16 tiratzaile onenen artean
Munduko Eskrima Txapelketa bikaina jokatu du sanpedrotarrak asteburu honetan kadete modalitatean. Final hau jokatzen duen lehen gipuzkoarra izan da Amat.
Markel Amat Baztarrika sanpedrotarrak emaitza bikaina lortu du Munduko Eskrima Txapelketan. Riyhad hirian (Saudi Arabia) izan da Fortuna taldeko kirolaria asteburu honetan, kadete mailan munduko onenekin lehiatzen. Bada, pozik eta harro itzuli da handik, lehen 16 tiratzaile onenen artean txoko bat egin baitu. Bere lehen munduko txapelketa izan da, gipuzkoar batek historian jokatzen duen lehenengoa.
Multzoen fasean hiru garaipenekin hasi zuen asteburuko lehia, eta kanporatze zuzeneko tauletara sailkatzeko gai izan zen sanpedrotarra. 128ko lehen taulan Senegalgo tiratzaile bati 15-16 irabazi zion, eta 64koan ezustekoa eman zuen Amatek, Arda Tanerler turkiarra, txapelketako 4. postuan zegoena, irabazteko gai izan baitzen, 15-12. 32ko taulan, Dmytril Zahrebelniy ukrainarrari 15 eta 14 irabazi zion. 16koan Motoki Kawahara japoniarra izan zuen aurkari, baina ez zen irabazteko gai izan (15-12 galdu zuen Amatek).