Arraguako festetarako motorrak berotzen hasi dira
Maiatza erdialdeko bi asteburuetan izango dira auzoko festak, baina hainbat ekitalditarako txartelak erosi edo izena eman daiteke: bertso afaria, bazkaria...
Herriko auzoetako festak hasteko gutxi falta da. Arraguakoak izaten dira lehenengoak, eta bertako jai batzordeak ia prestatuta dauzka festak. Ohi bezala, festak bi asteburutan banatuko dituzte ekitaldiak. Lehenengoa 10etik 12ra bitartekoa izango da, eta truk txapelketa mundiala izango da hasiera (ostirala 10, 22:00etan, Aldegunan).
Beste ekitaldietarako txartelak eros daitezke, edo bertan parte hartzeko izena eman. Aurretik izena eman beharko den lehen ekitaldia bertso afaria izango da, maiatzaren 11n (larunbata), 20:30ean hasita. Aitor Mendiluze eta Unai Agirre arituko dira bertsotan Aldeguna elkartean.
Txartelak Kabitxo, Miren edo Landetxeko tabernetan eros daitezke, 25 euroren truke. Txorizoak, bakailaoa, saiheskiak, postreak eta kafe eta edariak osatuko dute menua. Maiatzaren 7a izango da txartela eskuratzeko azkeneko eguna.
Asteburu hori osatuko du gaztetxoentzako futbol txapelketak. Igandean —maiatzak 12— jokatuko dute, auzoko kantxan. 9 eta 13 urte arteko haurrek parte har dezakete, eta izena maiatzaren 8ra arte eman daiteke. Alhambra tabernatik pasatu beharko da horretarako, eta izen-abizenak eta jaioteguna aipatu.
Bigarren asteburuko ekitaldiak
Bigarren asteburuan izango dira ekitaldi gehienak, eta izena eman beharrekoak bi izango dira.
Alde batetik, auzoko jubilatu eta pentsiodunen bazkaria. Maiatzaren 17an (ostirala) izango da, eta izena eman daiteke astelehen eta asteazkenetan, hilaren 29ra arte. Horretarako 697 760 550 edo 635 207 289 telefono zenbakietara dei daiteke, 19:00etatik 20:30era.
Bestalde, maiatzaren 18an (larunbata) herri bazkariaren txanda izango da. Txartelak Aiako eta Alhambra tabernetan eskura daitezke, baita jai batzordearekin harremanetan jarrita ere. Helduek 22 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek, 11. Lortzeko azkeneko eguna maiatzaren 15a izango da.
Menu berria izango dela aurreratu dute. Helduenean, sarrerak, txipiroi eta itsaski fideua, txerri-masailak adro beltzetan eta euskal pastela izango dute jateko. Txikiek makarroiak, solomoa patatekin eta postrea izango dute jateko.
Egitaraua
- Maiatzak 17, ostirala
- 14:00etan: Jubilatuen bazkaria, Aldegunan.
- 18:00etan: Txupinazoa, Adegunan. Agurra dantzatuko dute, eta ondoren Lartaungo txistulariak eta buruhandiak ibiliko dira.
- 18:45ean: Haur jolasak eta Holi Fest!
- 20:00etan: Elkarretaratzea, auzoko frontoitik hasita.
- Ondoren: Bertan afaltzeko aukera.
- 22:30ean: Elektrotxufla, auzoan zehar.
- 00:00etan: Nikotina taldearen kontzertua.
- Jarraian: Dj Zator.
- Maiatzak 18
- 10:30ean: Pilota partidak, Oiarperen eskutik.
- 12:00etan: Oidultz dultzaineroen kale buelta.
- 14:00etan: Herri bazkaria, eta zozketak, bingoa…
- 18:30ean: Zurrounk.
- Ondoren: Bertan afaltzeko aukera.
- 21:30ean: The Kick Kats.
- 23:00etan: Dj Bull.
- Maiatzak 19, igandea
- 09:00etan: Meza.
- 10:00etan: Diana, Lartaungo txistulariekin.
- 11:00etan: Kalejira, Haurtzaroko dantzariekin eta erraldoi eta buruhandi txikiekin.
- 11:00etatik 14:00etara: Puzgarriak.
- 12:00etan: Toka txapelketa.
- 17:00etan: VIII. Bizkotxo txapelketa (ordurako entregatu behar dira pilotalekuan).
- 17:00etan: Kiki, Koko eta Moko pailazoak.
- 18:00etan: Txokolate-jatea, bizkotxoen dastaketa eta sari-banaketa.
- Festak bukatzeko, zezen-suzkoa.