Hibaikako neska gazteen ontzia Espainiako Batel Txapelketara
Ohorezkoan hirugarren sailkatu ziren Tolosaldea eta Hernaniren ondotik errenteriarrak. Asteburuan jokatuko da txapelketa O Pobran (Coruña, Galizia).
Hibaikako Neska Gazteen ontziak lehian jarraituko du, izan ere, Espainiako Batel Txapelketarako sailkatu dira. Hirugarren bukatu zuten Euskadiko txapelketa pasa den igandean, Tolosaldea eta Hernaniren ondotik, eta printzipioz Euskadiko Txapelketan sailkatzen diren lehenengo biek baino ez dute parte hartzen Espainiako Batel Txapelketan.
Hala ere, hirugarren bat joateko lehentasuna izaten du txapelketaren antolatzaileak. Kasu honetan Galizia da antolatzailea eta bertako hirugarren sailkatuak luke aukera parte hartzeko; horrek ez parte hartzea erabakitzen badu, iazko txapelketaren irabazlearen jatorria kontuan hartuta, liga horretako hirugarren sailkatuak jasotzen du txartela parte hartzeko. Iaz Kaikuk irabazi zuenez txapelketa hori, Euskadiko Txapelketan hirugarren sailkatu den taldeari dagokio, Hibaikari.
Gauzak horrela, Hibaikako neska gazteen ontzia O Pobran (Coruña, Galizia) egingo den txapelketan lehiatuko da. Larunbata eta igandean jokatuko da. Kanporaketa larunbatean izango da 10:00etan hasita. Finalak berriz, igandean jokatuko dituzte: B finalak 10:00etan hasita; A finalak, 11:30ean hasita.