Liburuaren Eguna dela nabarituko da Oiartzunen
Urrats liburu-dendak Antton Kazabon gonbidatu du, liburuak sinatzeko. 1545 argitaletxeak ate irekien eguna egingo du.
Gaur, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna da, eta Oiartzunen hainbat ekitaldi egingo dituzte. Urrats liburu- eta paper-dendak jakinarazi zuenez, Antton Kazabon idazlea arituko da arratsaldean liburuak sinatzen.
Mendiburu kaleko dendara hurbildu nahi duenak, jakin beza 17:00etatik aurrera arituko dela uzta handia duen idazle oiartzuarra bertan sinatzen.
Ez da gaurko ekitaldi bakarra izango. 1545 argitaletxeak jakinarazi duenez, ate irekien jardunaldia egingo dute, arratsaldean bertan. 16:00etatik 19:00etara izango da, Kontsejupe plazako 8 zenbakian (Dixidu estudioan).
Liburuek %10eko deskontua izango dutela iragarri dute.