Ontziak bisitatzeko, eta horietan nabigatzeko aukera lehenengoz Pasaia Itsas Festibalean
Barnealdetik hiru barku ezagutzeko aukera izanen da maiatzaren 10etik 12ra, eta beste bitan itsas zeharkaldiak egin ahalko dira.
Iristear da Pasaia Itsas Festibala (PIF). Apirilaren hasieran eman zuen antolakuntzak egitarau osoaren berri, eta orain, Pasaiara etorriko diren ontzi handiak bisitatzeko, nahiz horietan nabigatzeko sarrerak erosteko aukera zabalik dela jakinarazi dute. Hiru ontzira sartu ahalko da, eta bitan nabigatu: badian zehar nabigatzeko aukera lehenengoz zabaldu da aurten. Bi aukeretarako sarrerak lotura honetan klik eginez gero eros daitezke (bertan, bestelako tailer eta bisitetarako tiketak lor daitezke, baita Tere Batelera ipuina erosi ere).
San Pedroko kaian izango dira ainguratuta bisitatu ahalko diren ontziak, eta horietan sartzeko prezioa barkuaren tamainaren araberakoa izango da. Zehazki, Grayhound, La Recouvrance eta Phoenix izango dira barrutik ezagutu daitezkeenak.
Gainera, La Recouvrance-n eta Le Biche-n nabigatzeko, itsas bidaia egiteko aukera izango da (zeharkaldietarako sarrerak goiko estekatik lor daitezke). Ordubete inguruko irteerak izango dira, eta Donibaneko Bizkaia plaza izango dute abiapuntu.
Aurre-festibala
2024ko PIF maiatzaren 9an hasiko bada ere, aurretik badira ekitaldiak. Izan ere, aurtengo ohorezko gonbidatua Txile da, eta herrialde horri lotutako hainbat jarduera izango dira festibalaren aurrekari. Horren seinale, Albaolan Txileko belaontzi bat eraikitzen ari direla. Aldi berean, jaialdia bitartean Txileko musika, gastronomia eta bestelako asko ezagutzeko aukera izango da. Hartara, honakoak dira aurre-festibaleko ekintzak:
- Maiatzaren 2an: 19:00etan, Donostiako Euskal Itsas Museoan, Euskal Herriaren eta Txileren arteko loturak ezagutzen Chiloeko munduaren bitartez hitzaldia, Nelson Bahamondek emana eta Xabier Alberdik aurkeztua. Jose de Moraleda eusakl hidrologo eta itsasgizonari buruz hitz egingo dute, besteak beste.
- Maiatzaren 7an: 18:00etan, Albaola Itsas Kultur Faktorian, Itsasontzi tradizionalen eraikuntza Hego Amerikako mugetan hitzaldia. Txileko ontzigintza tradizionalari buruzkoa izango da. Txileko ordezkari Marco Antonio Tamayo Quilodranek emango du.
- Maiatzaren 8an: 18:00etan, Orioko Mutiozabal ontziolan, Tradizioaren eta berrikuntzaren arteko esperientzia konstruktiboak solasaldia, honako kideen eskutik: Chiloeko Daniel Bravo Silvak, Hugo Almoacidek, eta Hugo Almoacidek (azken biak aita-semeak); horiek Txileko artisau ontziola batean izandako esperientzia kontatuko dute. Gainera, Oscar Fuentes Dopico eta Iago Fernandez de Fuertes galiziarrek itsas ondarearen duintasun arkitektonikoaz hitz egingo dute.
Aurtengo Pasaia Itsas Festibaleko berritasuna, ontziei dagokienez, horietako bitan nabigatzeko aukera izango dela da. Maiatzaren 9an (osteguna) hasiko da itsas ondarearen jaialdia, eta 12an bukatu. Le biche eta La Recouvrance dira ordubete inguruko zeharkaldiak eskainiko dituzten ontziak: maiatzaren 10etik 12rako tartean har daitezke zeharkaldiak egiteko tiketak.
Honakoak, bi ontzien fitxak:
Le Biche: Bi masta eta 21 m-ko luzera duen ketxe bat da, beladun atunontzi tradizional
bat. 1934an eraiki zen Enez Groeko arrantzale batentzat, eta 22 urtez erabili izan da
belaontzia atunaren arrantzan. Gaur egun, itsas mundua gertutik ezagutu nahi duten
bidaiariak garraiatzen ditu.
La Recouvrance: XIX. mendeko Frantziako itsas armadako itsasontzi baten erreplika da
(1992an egina). Jatorriz premiazko posta-garraiorako erabilia, gaur egun Bresten ikurra eta hiri
bretoi horretako enbaxadorea da.