Promesa gazteak entzuteko aukera izango da igandean
Errenteriako Musika Kultur Elkarteak antolatuta, Errenteriako Musika Bandaren gidaritzapean ariko dira Herri Arte Eskolako Bandako ikasleak.
Topada izenpean, kontzertu bateratua emango dute Errenteriako Musika Bandak eta Herri Arte Eskolako ikasle bandak Koldo Mitxelena ikastetxean, igandean, 12:30ean.
EMKE Errenteriako Musika Kultur Elkarteak ‘espresuki diseinatutako programa’ baten baitan antolatu du musika topaketa, eta kontzertu bateratuak promesa gazteak entzuteko aukera emango duela azaldu dute.
Kontzertuz josita datorren hiruhileko bat ari da antolatzen Errenteriako Musika Banda, eta uztailaren 31an amaituko da berau San Inazio eguneko kontzertuarekin. Alain Ayerdi eta Aitor Mitxelena zuzendariak musikari guztiekin batera kontzertu ‘formatu berritzaileak’ eskainiko dituzte.
Ayerdi zuzendari artistikoak Enrike Gonzalez Arroitajauregiren ‘Gerekarena’ obrarekin hasiko den kontzertu bat diseinatu du, eta, besteak beste, Bert Appermonten ‘The Green Hill’, Gustav Holsten ‘First Suite in Eb’ edota Ennio Morriconeren ‘Nuevo Cinema Paradiso’ obrak bilduko ditu emanaldiak. Horretaz gain, Ane Aristizabal Gaztelumendi Errenteriako Musika Bandako bakarlariak ere egingo du agerraldia.