"2011tik ezker independentistak sekula lortu duen babesik zabalena lortu dugu"
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen gaineko balorazioa egin berri du EH Bilduk. Inoizko babesik handiena lortu du koalizio subiranistak: 2.923 boto.
Pasan den hilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen gaineko balorazioa egin du EH Bilduk. Erraz gailendu zen koalizio subiranista, lau barrutietan gainera. Guztira, 2.923 boto poltsikoratu zituzten, botoen %44. Aurrekoetan baino 800 boto gehiago jaso zituen taldeak.
Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkiete pasaitarrei “gure hautagaitzan jarritako konfiantzagatik”. Positiboki baloratu dituzte lortutako emaitzak: “besterik ez zitekeen izan. 2011tik ezker independentistak sekula lortu duen babesik zabalena lortu dugu, duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, %37ko igoera lortuta”, esan dute hedabideei bidalitako ohar batean.
Teo Alberro alkateak aginte makila eskuratu zuenetik (hamar hilabete igaro dira) lau barrutietan boto kopurua handitu dutela nabarmendu nahi izan dute: “guztietan irabazi ditugu hauteskundeak, alde nabarmenarekin”.
Azkenik, eskualde mailan lortutako emaitzak balioan jarri ditu koalizio subiranistak: “Oarsoaldeko herri guztietan gure proposamena izan da babes handiena jaso duena, eta horrek, zalantzarik gabe, eskualderako gure proiektu estrategikoa garatzen jarraitzeko indarra ematen digu”.