Pasaia Itsas Festibala, "gero eta eraginkorragoa"
"Festibalak ingurumenean sor litzakeen inpaktu negatiboak arintzeko metodologia" nagusiko da aurtengo edizioan. Jaialdiaren Jasangarritasun Plana "erronka berriz hornitu" dute aurten.
Egun oso gutxi falta dira Pasaia Itsas Festibalerako, ostegunean (hilak 9) abiatuko dute hirugarren edizioa. Gaur jaialdiak iraun bitartean gauzatuko diren eraginkortasun neurriak aurkeztu dituzte. Agerraldian Teo Alberro alkatea, Xabier Agote Albaola Itsas Kultur Faktoriako zuzendaria, Mater-eko komunikazio arduradun Markel Elizalde, Jose Ignacio Asensio diputatua eta Iraitz Pazos Ingurumen zinegotzia izan dira.
Gaurkoan azaldu dutenez, “festibalak ingurumenean sor litzakeen inpaktu negatiboak arintzeko metodologia” nagusiko da aurten. Horri esker, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen jarduketarako sozietate publiko IHOBEk ematen duen Erronka Garbia- Ekitaldi Jasangarria ziurtagiria eskuratu du estreinakoz jaialdiak. Alkateak aipatu du festibalaren lehen ediziotik “ingurumena zaintzeko hartu diren neurriak Jasangarritasun Plan batean” jasota daudela, eta bide orri hori “erronka berriz hornitu” dutela aurtengo ediziorako. Plan honi esker jaso du ziurtagiria festibalak.
Agotek hartu du hitza gero, honakoa adieraziz: “Ez dago gizarte eta kultura ekintza onargarririk ingurumen jasangarritasunarekiko konpromiso sendorik gabe”.
Elizaldek itsasoa “bizi iturria” dela gaineratu nahi izan du, eta “ez zabortegi” bat: “gure ardura da hori zaintzea, baita bizi garen komunitatearena ere”. Horregatik, itsasontzian doako bisita ekoaktiboak eskainiko dituztela aurreratu du, “gure egunerokoan itsasoa zaintzeko interesa pizteko”. Horrez gain, “itsasoaren eta pertsonen aldeko martxa bat” ere egingo dela azaldu du, “batukadaren erritmoak lagunduta, Zabor eta Bio erraldoiekin, belaunaldi guztiek elkarrekin, Pasaiako haurrek Adinkide GKEarekin elkarlanean egindako dozenaka mezurekin”.
Asensioren arabera, festibala “iraganaren eta etorkizunaren arteko sintesi paregabea” da, “gure itsas ondare aberatsari balioa ematen diona, eta itsasoaren inguruan ekonomia jasangarria gidatzeko konpromisoan funtsezko bultzada bat”.
Planaren xehetasunak
Pazosek, azkenik, planaren gaineko xehetasunak eman ditu. Mugikortasunari dagokionez, garraio publikoaren aldeko apustua berretsi du. Izan ere, Pasaian soilik bertakoek ahalko dute aparkatu, eta bisitariak garraio publikoa erabiltzera gonbidatu ditu, baita bizikletan joatera (Trintxerpeko Gernika plazan eta Donibaneko motorren aparkalekuetan bizikletentzako aparkaleku bana jarriko dituzte lehenengoz).
Eraginkortasun irizpideak ere jarri dituzte erosketen eta kontratazioen arloan. Hala, garraioaren CO2 isuriak murrizteko asmoz, gertuko zerbitzuak lehenetsi dituzte antolatzaileek, baita lehengai eta material ez kutsakorrak. “Adibide gisa, esan beharra dago kontratatutako zerbitzuen %22 Pasaiako enpresei esleitu zaizkiela eta %41 Oarsoaldekoei; kontratatutako zerbitzuen %83, gehienez 20 kilometroko distantziara kontratatu da”, azaldu du zinegotziak.
Lonjako estalkian ariko diren artisauak aukeratzeko ere ingurumen irizpideak izan dituzte kontuan, guztien %53k eraginkortasunarekin lotutako edukia lantzen dute.
Hondakin onena sortzen ez dena esaldia izango da festibalaren ardatzetako bat. Bada, aurreko edizioetan bezala, edalontzi berrerabilgarriak jarriko dituzte ostalaritza jardueren eskura. Eta berritasun gisa, edalontziak informazio puntuetan ere salgai izango dira, erabili ondoren, alboan kokatutako bidoietan utz ditzaten herritarrek. Euro batean eskuratu ahalko dira edalontzi horiek, eta bildutako diru guztia Zaporeak elkarteari emango diote.
Azkenik, hondakinen gaikako bilketa sustatzeko helbururekin, kartelak jarriko dituzte edukiontzietan zein taberna eta jatetxeetan.
Bisitarientzako lau erronka
Hirugarren edizio honetarako, “festibala eraginkorragoa izan dadin”, antolatzaileek lau erronka proposatuko dizkiete Pasaiatik kanpo etorriko direnei: “garraio publikoa erabiltzea; festibalaren edalontzi berrerabilgarriak erostea; hondakinak gaika sailkatzea; eta badiara zaborrik ez botatzea”.
Plana biribiltzeko, Erronka garbia metodologia ezarriko dute aurten, eta asmoa da datozen edizioetan ere horrekin aurrera egitea, “pixkanaka-pixkanaka”. Orain arte bildutako datuez gain, eraginkortasunarekin lotutako datu gehigarriak jasoko ditu antolakuntzak jaialdiak iraun bitartean, eta horri esker zenbait adierazle kalkulatu ahal izango dituzte, Pazosen arabera, “edizioz edizioko eboluzioa neurtu ahal izateko eta festibal geroz eta jasangarriagoa sortzen jarraitzeko”.