Itsasoaren zaintzaren aldeko martxa bat egingo dute Pasaia Itsas Festibalean
Martxarekin "erronka festa handi bat" sortu nahi du Mater-ek Bio eta Zabor erraldoien bueltan. Batukada baten bitartez, "itsasoaren eta izakien zaintzaren garrantzia" defendatuko dute partaideek.
Ostiral honetan (hilak 10), Pasaiako Itsas Festibalaren barruan, martxa berezia egingo dute herritarrek, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren egitasmoz. “Itsaso eta pertsonen aldeko” deialdi herrikoia zabaldu dute, “zaintza lanak aldarrikatzeko” asmoz. 16:00etan abiatuko da martxa hori Trintxerpetik.
Martxarekin “erronka festa handi bat” sortu nahi dute Zabor eta Bio erraldoiekin. Batukada baten bitartez, “itsasoaren eta izakien zaintzaren garrantzia” defendatuko dute partaideek. Belaunaldi guztietako pertsonak elkartu nahi dituzte martxa honetan.
Mater-eko iturriek gogorarazi dute itsasoa “ez dela zabortegi bat, bizitza iturri bat baizik”: “gure esku esku dago haren zaintza baita bizi garen elkartea, horregatik festibalean elkartearen zaintza aldarrikatuko dugu eta itsasontzira doako bisita ekoaktiboak eskainiko ditugu itsasoa zaintzeko interesa aktibatzeko gure egunerokotasunean”.
Ondorengo elkarte eta eragileek antolatu dute ostiralekoa: Mater, Adinkide, Karmengo Ama eta Anunciata ikastetxeak, Trintxerpeko Goyenecheako Garagunea Fundazioa, Club Atletico Trintxerpe, Hurkoa Fundazioa, Pasaiako Udala, Pasaia Zaintza Herrilab eta Itsas Zaintza Sarea.