Manuel Garagardotegia laborategi inprobisatu bilakatuko da hilaren 13an
Beste urte batez, Pint of Science Nazioarteko Zientzia Dibulgazio Jaialdia Errenteria-Oreretan lurreratuko da. Hilaren 13an, 19:00etatik 21:00etara, zientzia herritarrei partekatuko diete hiru hitzaldiren bidez.
Pint of Science Nazioarteko Zientzia Dibulgazio Jaialdia Errenteria-Oreretako Manuel Garagardotegian lurreratuko da beste urte batez. Zientziaren dibulgazioa ardatz duen jaialdia hilaren 13tik 15era bitartean egingo da Estatuko hainbat puntutan. Jaialdiaren bederatzigarren ekitaldia izango da aurtengoa, eta berezitasun nabarmenena da tabernak “laborategi inprobisatu” bihurtzen direla. Topaketan panorama nazionaleko “ikertzaile puntakoenek” hartuko dute parte, eta hizkuntza “ulergarria” eta “hurbila” baliatuko dute zientzia herritarrei partekatzeko. Hitzaldiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta horietako batzuek, gainera, aldi bereko itzulpena izango dute zeinu hizkuntzara. Sarrera doakoa da.
Manuel Garagardotegia hilaren 13an, astelehenarekin, bilakatuko da laborategi inprobisatu. 19:00etatik 21:00etara hiru hitzaldiz gozatu ahal izango da Errenteria-Oreretako tabernan. Honakoa da programazioa:
- Hitzaldia: Mikroehun artifizialak: tratamendua eta ikerkuntza. Hizkuntza: Euskara. Hizlariak: Ainhoa Irastorza Lorenzo (IIS Biogipuzkoa) eta Paula Vazquez Aristizabal (CIC biomaGUNE).
- Hitzaldia: Argi bidezko 3D inprimaketa: mundu jasangarriago baten bila. Hizkuntza: Euskara. Hizlariak: Jon Ayestaran Uriarte (Polymat – EHU) eta Oihane Varela (Polymat – EHU).
- Hitzaldia: Los plásticos conducen electricidad… de verdad! Hizkuntza: Gaztelania. Hizlaria: Daniele Mantione (Polymat – EHU).