Larunbatean 'SOS Rafah' oihukatuko dute Oiartzungo plazatik
Gernika-Palestina iniziatibak deialdia egin du hilaren 11rako. Gazako egoera salatzera aterako dira berriro.
Gernika-Palestina herri iniziatibak mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko plaza guztietan, larunbat eguerdirako. Oiartzunen ere mobilizatuko dira, SOS Rafah lelopean. Done Eztebe plazan jarri dute zita, 13:30ean.
Israel Gazaren kontra eramaten ari den genozidioa beste fase batean sartu du. Gazako zerrenda hegoaldean dagoen Rafah hirian sartu dira Israelgo Estatuaren armadaren tropak, lurretik. Airetik egindako bonbardaketek ez dute etenik, bitartean.
Ia milioi eta erdi palestinar daude hirian pilatuta. “Rafahn bizi den egoerak premiazko erantzuna eskatzen du. Larunbat honetan beste behin erakuts dezagun palestinarrekiko elkartasuna”, adierazi dute Gernika-Palestina herri iniziatibakoek.
Genozidioa salatzen jarraitzera deitu dituzte herritarrak. “Elkartasuna herrien arteko samurtasuna da”, gaineratu dute.