2023ko Prosa eta Poesia Lehiaketako lanak, liburuxka batean bilduta
Iazko Xabier Lete Prosa eta Poesia Lehiaketan saritutako 24 lanak liburu batean jaso dituzte. Hainbat txokotan eskura daiteke.
Urteroko zita izaten da, abenduan, Xabier Lete Prosa eta Poesia Lehiaketaren sari banaketa. Oiartzungo ikasleek beraien literaturarako dohainak erakuts ditzakete bertan, prosan edota poesian.
Aurkeztutako lanen gaineko ebazpena ematen du epaimahaiak abenduaren 4ero, eta iazkoan 24 saritu izan ziren. Hamalauk jaso zuten aipamena prosa kategorian, eta beste hamar izan ziren aitortza jaso zuten poemak.
Saritutako lan horiek liburuxka batean jaso dituzte orain. Oiartzungo idazle gazteen lan horiek irakurgarri izango dira, eta herriko hainbat txokotan aurkitu ahal izango direla jakinarazi du Oiartzungo Udalak. Ikastetxeetan, bibliotekan, Landetxen edota udaletxean aurki daitezke liburuxkak.
Horrez gain, edizio digitala lortzeko aukera ere badago, Oiartzungo Udalaren webgunera joanda.