«Bihotzez egindako lan bat da; nire sustraien bila ibili naiz»
‘Kostaldetik gertuko istorioak’ dokumentala estreinatu berri du sortzaile sanjuandarrak. Itsasoarekin lotutako 24 istorio jaso ditu, Pasaian hasi eta bukatzen den bidaia moduko bat kontatuz.
Apirilaren 24an estreinatu zenuen dokumentala Juanba Berasategi aretoan. Nola joan zen? Zer-nolako harrera izan du pasaitarren artean?
Oso ongi joan zen. Ez nuen horrelakorik egin inoiz hemen. Eta bete egin zen, 180 lagun joan ziren, aretoa lepo utzi zuten. Ederra izan zen. Saregile izandako 91 urteko emakume bat, niretzako errespetu handia daukan belaunaldi horretako bat, etorri zitzaidan besarkatzera emanaldia bukatzean. Esan zidan bere bizitza kontatu nuela dokumentalean, itsasoari lotutako bizitza hori kontatu nuela. Oso polita izan zen, oso pozik nago harrerarekin.
Proiektu luzea izan da, 2019an abiatu zenuen. Nolakoa izan da prozesua?
Lan handiko proiektua izan da, bai, 5 urtez aritu bainaiz honekin. Bitartean lan komertzialak egiten ibili naiz, diseinatzaile, argazkilari edo bideogile lanak egiten, bai Euskal Herrian eta baita Katalunian ere. Paraleloki aritu naiz dokumental hau ateratzen, inolako laguntzarik gabe. Askatasuna nahi nuen. Pila-pila bat gozatu dut lan hau egiten, gozatu dut, negar egin dut, barre egin dut… Filmatzera noanean zoriontsu sentitzen naiz, nire bizitza da. Zeruari eskatzen diodan gauza bakarra beste 40 urte ematea da, orain arte bezala lanean jarraitzeko.
Zein da dokumentalaren mamia edo zutoina?
Lanaren mamia hemengo ondarea da, Pasaiakoa, eta Gipuzkoa osokoa. Gure tradizioan pentsatuz egin dut lan hau, azkeneko 800 urteak hartuta. Ikertzen ari naiz, eta ikertutako horri esker, gauza asko dakizkigu. Sekulako historia dago Pasaian, eta azken mendeetan gertatutako istorio asko islatzen saiatu naiz. Batzuk benetan gertatutakoak dira, zehatzak, eta beste batzuetan fikzio izpiak ikus daitezke. Itsasoarekin dudan lotura hori islatu dut lan honetan. Beti kostaldetik nabil, eta gertuko istorio horiek jaso ditut. 200dik gora pertsona agertzen dira, gehienak pasaitarrak.
Gertutik sentitu dituzun istorioak kontatu dituzu, beraz.
Bihotzez egindako lan bat izan da. Hasi nintzenean ez nekien ongi zer egin, baina argi nuen Pasaiarekin eta bereziki itsasoarekin lotutako zerbait egin nahi nuela. Nire sustraien bila ibili naiz lan honetan. Marinel tradizio handia dago Donibanen, baita gure familian ere. Aita itsasoko ingeniaria zen, urrutira joaten zen. Txikitan arrantzaleekin eta ontziekin flipatzen genuen.
Zure kameraren bidez Pasaiako badiaren egunerokoa jaso duzu: batelerak, arrantzaleak, mutxikoak, badiako ontziak… Zenbat istorio jaso dituzu?
24 istorio jaso ditut, askotarikoak, baina guztiak itsasoarekin lotutakoak. Lehenik gauza batzuk grabatu nituen hemen, saregileak adibidez. Oroitzapenak ditut txikitakoak. Irudi hori daukat oraindik, Bonantzan jartzen zirela saregileak lanean, eta flipantea zen hura. Gaur egun ez dute Pasaian egiten, baina Getarian bai. Bertako emakume batek bere istorioa kontatu zidan. Txikitan hasi zen, eskolatik atera eta gurasoak laguntzen. Pixkanaka ogibidea profesionalizatu zuen eta 30 urtez aritu da horrela. Istorio hori Pasaiara ekar daiteke, edo Hondarribira, leku guztietan eman baita hori. Errepikatzen diren istorioak dira. Leku ezberdinetako istorioak ikus daitezke pelikulan, baina dena Pasaian hasi eta bukatzen da.
Itsasoa da, beraz, oinarri nagusia.
Itsasoa ikaragarri maite dut, 10 urte damarat ia egunero itsasoan bainatzen, neguan zein udaran. Arrain bat bezalakoa naiz, barrutik ezagutzen dut itsasoa.
37 urte eman dituzu Euskal Herritik kanpo. Itzultzeko gogoz zinen?
Hemen eta han [Katalunian] sentitzen naiz etxean. Urte gehiago bizi izan naiz Katalunian hemen baino. Oso euskalduna sentitzen naiz, asko maite dudalako gure hizkuntza baina kataluniarra ere sentitzen naiz. Pandemia garaian etorri nintzen ama zaintzera, eta deskubritu nuen amatxo zela nire lagun onena. 90 urteko pertsona batekin hitz egin nezakeela edozein gauzataz. Joan zaigu, baina sekulako betetasuna utzi digu.
Lan honetan 37 urte hauetan bildutako esperientzia sartu dut.
Ordu eta erdi inguruko dokumentala duzu esku artean. Istorioren bat kanpoan geratu da?
Gauza pila bat utzi ditut dokumentaletik kanpo. Pentsa, bi ordurako gaia neukan. Ordu eta 33 minutuko dokumentala aurkeztu dut. Plano batzuk berregin ditut, eta material berria sartu dut. Esaterako, Meipi sarrerako ontziolan barku berri bat dago, gorri bat, eta azken egunetan hori grabatu eta irudi horiek sartu ditut.
Hilaren 31n Donostiako Printzipe zinema aretoan estreinatuko duzu.
Ohorea da niretzako horrelako areto batean proiektatu ahal izatea. Oso eskertuta nago. Dena ondo bidean, bi astez ikusteko aukera izango da. Gerora, mundura zabaldu nahiko nuke pelikula, baina garrantzitsuena orain estreinaldia da. Oso gogotsu nago.