LGTBI+fobiaren kontrako ekitaldiekin bat egin du udalak
Politika "estrukturalak" hartu behar direla aldarrikatu du Oiartzungo Udalak. EH Bilduk eta EAJk adostutako adierazpen publiko egin dute.

Gaur, maiatzak 17, LGTBI+fobiaren kontrako eguna da. 1990. urtean, egun honekin, Munduko Osasun Erakundeak gaixotasun psikikoen zerrendatik ezabatu zuen homosexualitatea, eta urte batzuetara izendatu zuten homofobiaren kontrako egun gisa. Gerora gehitu ziren izendapen horretara transfobia etabifobia.
Horren harira, Oiartzungo Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du, EH Bildu eta EAJk adostutakoa. Izan ere, oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dieten LGBTI+ pertsona “asko eta asko” direla salatu dute. “Euskal jendarteari bide luzea geratzen zaio oraindik egiazko berdintasun eraginkorra lortzeko”, gaineratu dute.
zken urteetan LGBTI+fobia kasuen salaketak areagotu egin direla nabarmendu dute, eta horren guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea “ezinbestekoa” dela uste dute. “Instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, ikuspegi feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak garatzeko bideak ezartzea ezinbestekoa da. Puntualak diren politikak alde batera utzi eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko unea da”, gaineratu dute bi udal taldeek.
LGTBI+ pertsonen eguneroko bizitzak “bizigarriak” izatearen alde borrokan ari direnen lana aitortu nahi izan dute, aldi berean. Gaurko deituta dauden mobilizazioekin bat egiteko eskatu dute bi udal taldeek. 19:00etan, irakurketa transmaribibolloa izango da, plazan, eta Dardarak Artxiboa erakusketa ikusteko azkeneko eguna izango da, pleno aretoan.
Stop LGTBI+fobia! [Oiartzungo Udalaren adierazpen instituzionala]
1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea ezabatu zuen buruko gaixotasunen zerrendatik. Gertaera hori mugarri historikotzat jo dezakegu orain, eta urrats garrantzitsua izan da sexu, genero eta identitate aniztasuna onartzen hasteko. Ordutik, beraz, maiatzaren 17a da LGBTI+ pertsonen (lesbianak, gayak, bisexualak, transak eta intersexualak) kontra zuzendutako gorroto eta indarkeria mota guztien aurkako Nazioarteko Eguna.
1990. urtetik gaur arte aurrerapauso ugari eman dira legeen bidez herritar guztien berdintasuna bermatzeko, norbanako bakoitzaren sexua, generoa eta identitatea edozein direla ere. Gure lurraldean lege garrantzitsuak egin eta onartu dira herritar guztien eskubideak berdinak izan daitezen bermatzeko eta LGBTI+ pertsonak gainerako guztiekin parekatzeko. Jendarteak ere egin du aurrera zentzu horretan, eta gero eta espazio gehiago ditugu sexu, genero eta identitatea askatasun osoz bizitzeko aukera eskaintzen digutenak.
Lege-aldaketak eta aurrerapauso sozialak ugari izan diren arren, LGBTI+ pertsona asko eta asko dira oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dietenak. Euskal jendarteari bide luzea geratzen zaio oraindik egiazko berdintasun eraginkorra lortzeko. Gure zoritxarrerako, aurreiritziek, uste ustelek, estereotipoek, gaitzespenak eta gorrotoak bizirik diraute oraindik hainbat sektore sozialetan.
LGBTI+ pertsona asko dira oraindik ikusezintasunaren mende bizi direnak eta beren sexua, generoa edo identitatea ezkutatzeko beharra ikusten dutenak (batez ere lesbianak, transexualak, adinekoak edo desgaituak badira). Gure herrietako espazio publikoetan ematen ari den LGBTI+fobia salaketen gorakadak agerian uzten du oraindik ez garela iritsi sexu-, genero- eta identitate-aniztasuna berdintasun egoeran eta diskriminaziorik gabe bizitzeko eta adierazteko askatasun-egoerara.
LGBTI+fobiaren kontrako borroka da pertsona guztientzat berdintasun printzipioa, duintasuna eta Giza Eskubideak defendatzea. Aniztasuna da gure aberastasunik handienetako bat, eta LGBTI+ pertsonen aurkako diskriminazio eta indarkeriaren kontra egitea aurrerapausoa da jendarte bidezkoagoa, errespetuan eta berdintasunean oinarrituagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko bidean. Azken urteetan LGBTI+fobia kasuen salaketak areagotu egin dira, eta hau, batez ere, LGBTI+ mugimenduak egindako kontzientziazio eta salaketa lanari esker izan da.
Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, ikuspegi feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak garatzeko bideak ezartzea ezinbestekoa da. Puntualak diren politikak alde batera utzi eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko unea da.
Bukatzeko, dei egiten dugu maiatzaren 17aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta LGBTI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiak aitortu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako.
Gure bizitzek balio dutelako, stop LGBTI+fobia!